Politika -
Ciudadanosen primariak
Arrimadas Ciudadanoseko presidente berria % 77ko bozekin
Ines Arrimadas, Ciudadanoseko bozeramailea, Francisco Igea, Gaztela eta Leongo Juntako presidenteordea, garaitu du alderdiko primarietan -azken honek % 22ko bozen babesa jaso du- .
Agentziak | Erredakzioa
Ines Arrimadas, Ciudadanoseko Kongresuko bozeramailea, alderdiko presidentea izango da, asteburuko primarioak irabazi ostean (bozen % 76,91). Francisco Igeak Gaztela eta Leongo Juntako presidenteordeak, ordea, botoen % 22,32 eskuratu ditu.
Ciudadanosek ohar batean jakinarazi duenez, 9.481 afiliatuen babesa jaso du Arrimadasek; Igeak, berriz, 2.752 boto lortu ditu, eta hirugarren hautagaiak, Ximo Aparici militante valentziarrak, 94 boto eskuratu ditu (%0,74).
Hauteskunde primarioetako parte-hartzea % 59,5ekoa izan da, 12.328 afiliatuk eman baitute botoa.
Horrek esan nahi du 2017ko primarioekin alderatuta % 25eko igoera izan dela; izan ere, Albert Rivera alderdi laranjako presidente berrizendatu zutenean % 87,3ko babesa jaso zuen, baina parte-hartzea % 34tik gorakoa izan zen.
Bere garaipenaren berri eman ostean, Arrimadasek afiliatuei eskerrak eman dizkie primarioak "ilusioz" bete dituztelako, eta "guztien" presidentea izango dela ziurtatu du.
"Atsedenik gabe lan egingo dugu, elkarrekin ilusioa itzuliz. Etorkizunari begiratuko diogu eta aurrera egingo dugu!", idatzi du bere Twitter kontuan.
Arrimadasen eta Igearen arteko alderdi ereduari zein estrategia politikoari buruzko desadostasunak agerian geratu dira azken asteotan, hala ere, bozketaren emaitza ezagutu ostean, Igeak Arrimadas zoriondu du, biek Twitterren adierazi duten moduan.
"Ines Arrimadasekin hitz egin berri dut, emaitzagatik zoriontzeko", idatzi du hautagaiak, eta eskerrak eman dizkie babesa eman dioten 2.752 militanteei.
Arrimadasek, berriz, esan du eskerrak eman dizkiola lehendakariorde autonomikoari primarioetara aurkeztu izanagatik, eta gaineratu du: "Militantziaren ahotsa entzun ondoren, denok batera norabide berean arraunean egingo dugu, batuta eta aurrera. Espainiak inoiz baino gehiago zentro liberal indartsu bat behar du".
Ciudadanosek alderdiaren primarioak ospatu ditu asteburu honetan. Argazkia: EFE