Politika -
Gasteiz
Montai konpainiarekin egindako kontratua legezkoa dela esan du Urtaranek
Gasteizko alkateak azalpenak eman ditu udaletxean, EAJko kargu batek zuzentzen duen Montai enpresarekin egindako kontratu baten harira.
Agentziak | Erredakzioa
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Arabako hiriburuko Udalak Montai enpresarekin hitzartutako kontratuaren "erabateko legaltasuna" babestu du. Aipatutako enpresa horren jabea EAJko kide garrantzitsu bat da; sinatutako kontratuak, alkatearen hitzetan, "zehatz-mehatz betetzen du Kontratazio Legea".
Ogasun Udal Batzordean azaldu da asteazken honetan Urtaran, PPk eskatuta, Gasteizko Udalak 2016an Montai taldeari esleitutako kontratuaren berri emateko. Kontratu horren bidez, Montaik Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren erakusketa ibiltarirako oholtza bat prestatu zuen, ia 6.000 euro jasota.Gasteizko alkatearen arabera, "kontratua legezkoa da", eta "baldintza guztiak betetzen ditu": "Gastu-aurreikuspena du, bai eta dagokion faktura ere". 18.000 eurotik beherakoa zenez, "zuzenean esleitu ahal zaio enpresa bati", zehaztu du.
Gehitu duenez, Blanca Guinea Alkatetza eta Harreman Instituzionaletako zuzendari ohiak oniritzia eman zion kontratuari, eta kontabilitate-dokumentu bat ere izan zuen. Dokumentu horretan agertzen da kontu-hartzaile nagusiaren oniritzia, "guztiz legezkoa baita", berretsi du Urtaranek.
"Azalpenak ari zatzaizkit eskatzen", aurpegiratu dio PPko bozeramaileari, "baina nik ez dut esku hartu kontratu horretan, inondik inora", azpimarratu du.
"Ez dakit zein enpresak kudeatu zuten kontratua, eta orain arte ez nekien kontratu hori egin zela, hori ere ez. Azken 20 urteotan, alkate guztiek kontratazio-erakundearen esku utzi izan dituzte hau bezalako kontratu txikiagoak", esan du alkateak, ez sartzeko udal-oposizioak eskatutako xehetasunetan.
"EAJren beste ustelkeria-kasu baten zati txikia"
Leticia Comeron Gasteizko PPren bozeramaileak, hala ere, salatu du Gasteiz "zati txikia" dela "EAJren beste ustelkeria-kasu baten sarearen barnean"; sare horren xedea litzateke, Comeronen hitzetan, "alderdi jeltzalearekin lotutako enpresa bati on egitea, kontratuak esleitzean apetazko aukeraketak eginez. Iragarri duenez, dokumentazio guztia ari dira aztertzen, “hau dena Fiskaltzaren aurrera eramateko".
Abisu horren harira, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, adierazi du ez duela ikusten, "ezta urrundik ere", ardura penalik egotea; PPk, alabaina, "eskubide osoa" du Fiskaltzara jotzeko, hala nahiz izanez gero, Erkorekaren esanetan.
Elkarrizketan, Erkorekak nabarmendu du Bulego Ekonomikoaren txosten bat dagoela, Jaurlaritzaren Lehendakaritza Sailak eta Gogorak Montai taldeko enpresei esleitutako kontratuen gainekoa. Txosten horrek ziurtatzen du legezkoak direla; hori bai, aholku jakin batzuk ematen ditu, "eta, hemendik aurrera, Jaurlaritzak kontratazio-prozeduretan txertatuko ditu aholku horiek".
Comeronek deitoratu du alkateak ez duela argitu "nork esan zion Estali La Karpa kontratatzeko" (Montai taldeko lau enpresetako bat da hori), apetazko aukeraketa eginez; halaber, Comeronek esan du ez dela argitu "nork esan zion Blanca Guineari Euskadiko gainerakoan egiten den gauza bera egin behar zuela".
"Legeari iruzur egiteko zatitu zenuten kontratua. Baliteke galdera hauei epaitegian erantzun behar izatea", ohartarazi du PPk.
EH Bilduk gaitzetsi du alkateak estaea "enpresa kaudimenduna zela"
Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak gaitzetsi du alkateak esatea "enpresa kaudimenduna zela, eta laneko gaitasuna zuela", kontuan izanik Gogoraren erakusketa baino hiru hilabete lehenago sortu zutela. Azaldu duenez, 2019an ere jarraitu dute Montai kontratatzen, "apetazko aukeraketak egiten, kontratu txikiagotan zatitutako fakturak baliatuz". "Tristea da zergatik gogoratuko dugun Memoria Plaza, alegia, kontratazioak nola egin izan diren gogoratuko dugula", adierazi du.
Elkarrekin Vitoriako bozeramaile Oscar Fernandezek esan du "klientelismo usaina" dagoela, enpresa baten alde, "21 udalerriren partez". "Hemen, zerbait ez da ondo kudeatu", salatu du.
Batzorde honetan, Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendaria ere agertzea zegoen eskatuta, baina Ezenarrok, idazki baten bidez, argudiatu du Institutua, "legeak hala aginduta", Eusko Legebiltzarrak kontrolatzen duela.
Gogorak (Lehendakaritzaren menpekoa da), duela lau urte, Memoria Plaza ekimena antolatu zuen; karpa ibiltaria zen, eta EAEko 21 udalerritan izan zen, biktima guztien testigantza eta Jaurlaritzaren Giza Eskubideen politika jakitera ematea helburu. Montai taldeak kudeatu zuen karpa; Aitor Elorza jeltzalea da taldearen jabea, eta 800.000 euro jaso zituen horregatik.