Politika -
Poliziaren biktimen legea
Poliziaren biktimak aztertuko dituen batzordeak ez du jardungo auzibidea badago
Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez arautu ditu Balorazio Batzordeak izango dituen funtzioak, pertsona batek biktima izaera duen eta dagokion ordaina argitu beharko dituelarik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak pausu bat gehiago eman du "polizia-abusuen legea"ren ezarpenari dagokionez. Dekretu bidez, Balorazio Batzordeak izango dituen funtzioak arautu ditu, pertsona batek biktima izaera duen ala ez eta horri dagokion ordaina argitu beharko dituena.
Gobernu kontseiluan onartutako dekretuaren arabera, batzordeak ez du jardungo kasua auzibidean badago. Batzordea datozen asteetan bilduko da dagoeneko aurkeztutako 300 kasu baino gehiago aztertzeko.
Dekretuaren arabera, jarduerak ez dela "jurisdikzio funtzioaren inbasioa" ematen ziurtatu beharko du uneoro. Hau da, batzordeak auzibidean dauden kasuen edo administrazio prozedura zigortzaileko kasuen berri duenean, "alde batera utzi beharko da prozesuaren bideratzea".
Polizia-abusuen legea izenekoak (ofizialki Euskal Autonomia Erkidegoan 1978tik 1999ra bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan izandako Izaera Politikoko Indarkeriaren Testuinguruko Giza Eskubideen Urratzeen Biktimen Erreparazio eta Onarpen 2016/12 Legea, apirilaren 4ko 2019/5 Legeak aldatuta) helegitea du Auzitegi Konstituzionalean; PPk eta Ciudadanosek aurkeztu zituzten helegiteak, eta biak onartu zituen Auzitegiak.
Dena dela, Jaurlaritzak berretsi du egungo legeak segurtasun juridikoa duela, eta, hortaz, izapideak ari da egiten, garatzeko.
Eskatutako dokumentazioa
Eskaera egin nahi dutenek, besteak beste, heriotza edo ezgaitasuna eragin zuten gertakariak egiaztatzen dituzten dokumentuak aurkeztu beharko dituzte; adibidez, polizia-txostenak, Gobernu-txostenak, txosten judizialak edo beste edozein iturriren dokumentuak.
Mediku-txostenak ere behar dira, lesioak edo ezgaitasunak justifikatzeko. Beharrezkoa balitz, horrez gain, lesioa edo ezgaitasuna aitortzen duen ebazpena ere aurkeztu beharko da.