Politika -
Faisan auzia
ETAri lagundu izana ukatu dute Espainiako hiru polizia-buruek
2006ko maiatzean ETAri polizia-operazio bat izango zela ustez ohartarazteagatik auzipetuta daudela jakinarazi die goizean Pablo Ruz epaileak.
Erredakzioa
''Faisan auzian'' auzipetuta dauden Espainiako Poliziaren hiru buruzagiek ukatu egin dute 2006ko maiatzaren 4ean ETAri polizia-operazio bat izango zela filtratu izana.
Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak ETAri laguntza ematea eta sekretupeko informazioa zabaltzea egotzita, auzipetuta daudela jakinarazi die Victor Garcia Hidalgo Espainiako Poliziaren zuzendari ohiari, Enrique Pamies Espainiako Poliziaren EAEko buruzagi izandakoari eta Jose Maria Ballesteros Arabako Informazio Brigadako inspektoreari. Hirurek azpimarratu dute errugabeak direla.
Hogei minutu inguru baino iraun ez duen saioan, hiru auzipetuak eta euren abokatuak izan dira, Pablo Ruz epailearekin batera. Pamisen abokatuak, Jose Maria Fuster-Fabrak, kazetariei azaldu dienez, auzipetuek banan-banan deklaratu dute epailearen aurrean eta Carlos Bautista fiskalak galdera bakarra egin die eta hirurek ukatu egin dute ETAren helburuak konpartitzen dituztela. Epailearen autoaren arabera, Jose Maria Ballesteros izan zen Faisan tabernan sartu eta Joseba Elosua jabeari sakelako telefonoa eman ziona. Telefono horretan jasotako dei baten bidez jakin zuen Elosuak ETAren aurkako polizia-operazio bat prest zegoela eta dei hori Enrique Pamiesek egin zuela dio epaileak. Gertakariak maiatzaren 4ean jazo ziren eta Pamiesek eta Garcia Hidalgok adostuta burutu zela dio ebazpenak.
Fuster-Fabra abokatuak esan duenez, Pamiesek adierazpen bat irakurri du "ia 500 terrorista atxilotu dituen eta ia 50 talde desegin dituen pertsona bati ETAri laguntza ematea leporatzeak zer suposatzen duen azaltzeko".
Abokatuaren arabera, bere bezeroaren testigantzak autoak dioena "erabat desegin du". Pablo Ruz epaileak "egia ofiziala" hartu eta "errudun perfektuak" bilatu nahi izan dituela salatu du.
Interes politikoak eta mediatikoak
Bestalde, Pamiesen eta Ballesterosen abokatuek azpimarratu dute "ikertu ez diren beste hipotesi batzuk" egon badaudela. Enrique Pamiesek epailearen aurrean esan duenez, "hari guztietatik egin behar da tira, errealitatea ezagutu nahi bada". Baina kasu honetan aukeratu den haria "interes politikoek eta mediatikoek" markatutakoa dela kritikatu du.
"29 urte eman ditu erakunde terrorista baten aurka borrokan. Lankide eta lagunen hileta askotara joan behar izan naiz eta honek guztiak eragiten duen tentsioaren ondorioz osasuna ere galdu dut", adierazi du Pamiesek.