Politika -
AUZITEGI NAZIONALA
Ezker abertzaleko 12 lagun deklaratzera deitu dituzte, presoen ongietorriengatik
2016 eta 2019 urteen bitartean libre geratu ziren presoen alde antolatutako ekitaldiak ikertzen ari dira Auzitegi Nazionalean. Hamabi horietako lau urtarrilean atxilotu zituzten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia Castellon epaileak ezker abertzaleko 12 kide deklaratzera deitu ditu, ETAko presoei 2016 eta 2019 urteen bitartean egindako ongietorri ekitaldien harira abiatu zuen auziaren baitan.
Europa Press agentziak iturri juridikoak aipatuta zabaldu duenez, datorren astean sei lagunek deklaratuko dute. Tartean dira urtarrila bukaeran Guardia Zibilak atxilotu zituen Antton Lopez Ruiz, Haimar Altuna, Oihana San Vicente eta Oihana Garmendia Sortuko kideak.
Horiez gain, Juan Mari Olano eta Julen Larrinaga ere deitu ditu epaileak. Amnistiaren Aldeko Batzordeen auzian zigortu zituzten biak, 2008an.
Alberto Matxain, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Jorge Olaiz, Irati Tobar eta Miren Zabaleta dira deklaratzera deitu dituzten gainerakoak. Martxoko lehen astean joan beharko dute Auzitegi Nazionalera, Europa Pressen arabera.