Politika -
EBko zuzendaritzaren erantzuna
'Madrazoren aldekoak barne-ikerketa oztopatzen saiatzen ari dira'
Aranaren dimisioa eskatu duten militanteen atzean "Madrazok eta Llamasek duela gutxi arte zuzendutako EBren sektore bat" dagoela ziurtatu dute.
Erredakzioa
Ezker Batua Berdeakeko oraganizazio arduradunek eta alderdiko korronte ezberdinetako ordezkariek komunikatu bat atera dute "Madrazoren aldekoak" EBk Arabako ahaldun nagusiaren hautaketaren inguruan zabaldutako "barne-ikerketa oztopatzen" saiatzen ari direla salatzeko. Komunikatua sinatzen dute Carmen Martiarena EBko organizazio arduradunak, Ubaldo Ortiz Erakundeetarako EBko arduradunak, Mertxe Larrouy Gipuzkoako EBko arduradunak, Isabel Salud PCE-EPK-ko idazkariak eta Angel Bao EBko korronte kritikoaren ordezkariak.
EBko 300 militante baino gehiagok larunbat goizean ateratako manifestuari erantzuteko atera dute komunikatua. Goizeko manifestuan Mikel Arana EBko koordinatzaile nagusiaren dimisioa eskatu dute "% 80ko babesarekin hartutako alderdia suntsitu eta zatiketa eragiteagatik".
Zuzendaritzan ordezkatutakoek arratsaldean adierazitakoaren arabera, "alderdiaren barneko arazoak hedabideetan konpontzea, alderdiaren organoak alde batera utzita, argi uzten du pertsona horiek barne-demokraziari eta prozedura demokratikoari errespeturik ez dietela".
Aranak ez duela dimitituko esan du
Mikel Arana EBko koordinatzaile nagusiak dimisioa aurkezteko asmorik ez duela adierazi du, azaroaren 12ko asanblea nagusirako hiru hilabete besterik ez direlako falta. Era berean, ez du baztertu alderdi ezkertiarrean beste zatiketa bat egotea.
Radio Euskadin adierazi duenez, ez du dimisioa aurkeztuko "asanblea nagusi berezia deituta egonda, ni jarduneko koordinatzaile orokorra naiz, eta ez du zentzurik asanblearako hiru hilabeteren faltan nik dimisioa aurkeztea".
Dimititzeko eskatu dioten alderdikideei dagokienez, "horrelako prentsaurrekoek" Ezker Batuari "inolako mesederik" egiten ez diotela adierazi du. "Alderdikide hauek gauzak nik baino hobeto egingo dituen hautagaia badute, azaroaren 12an aurkeztea besterik ez dute", gaineratu du.