Politika -
Polemika Ezker Batuan
EBko 300 kide baino gehiagok Mikel Arana dimititzeko eskatu dute
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, ez duela dimitituko esan du Aranak, eta ez du baztertu alderdian zatiketa egotea. "Horrelako prentsaurrekoek ez diote alderdiari onik egiten", gaineratu du.
Erredakzioa
Ezker Batuko 300 kide baino gehiagok bat egin dute Mikel Arana alderdiaren korrdinatzaile orokorraren dimisio eskatzen duen manifestuarekin. Aranari, besteak beste, alderdiaren organoak "modu irregularrean" deitu, estatutak aintzat ez hartu eta kutxa bakarra apurtu izana leporatu diote.
Bilbon egin duten prentsaurrekoan, Carlos Torner Bilboko asanbladako kideak manifestu bat irakurri du dozenaka militanteren aurrean. Bertan azaldu duenez, 23 asanblada lokalek babestu dute manifestu hori eta tartean dira hiru euskal hiriburuetakoak edota eskualde garrantzitsuetakoak, besteak beste. Gaineratu du, Ezker Batuko 24 koordinatzaile lokalek ere babestu dutela testua eta datozen egunetan atxikipenak bilatzen jarraituko dutela.
Militanteek hamazazpi arrazoi eman dituzte Mikel Aranaren dimisioa eskatzeko. Tartean da esaterako, Araban ahaldun nagusia hautatzeko erreferendumean Ezker Batuko afiliatuek hartutako erabakiei "uko" egin izana, edota "EAJrekin izandako negoziaketen harira alderdiko kideak publikoki akusatzea aurretik gertatutakoa kontrastatu ere egin gabe".
Pertsona horiek alderditik botatzea ere leporatu diote Ezker Batuko koordinatzaile orokorrari, "edozein diktadorek egingo lukeen moduan, eskubidea argudiatuz", dio manifestuak.
Aranaren dimisioa eskatzeko manifestua sinatu dutenek diote Mikel Aranaren kargu-hartzea alderdiaren % 80ak babestu ondoren, "hausturara" eraman duela alderdia. Gaineratu dute, Aranak ez dituela "Ezker Batuko asanbladak ordezkatzen", erakundeko "talde txiki bat", baizik.
Zentzu horretan, militanteek diote urte eta erdian ez direla egoitza nagusiko bere bulegotik "pasa ere egin", bilerak "etxe pribatu batean, alderdiaren egoitzatik kanpo" egiten dituela azpimarratuz.
Era berean, koordinatzaile orokorrari alderdia sei hilabetetan "ez altxatzea" leporatzen diote, eta beraz, hautatua izan zenean zin egindakoa ez duela bete esan dute. "Ezker Batuak hauteskundeetan izan zuen hondamendiaren ondoren ez du ardurarik bere gain hartu", ere gaineratzen du manifestuak.
Azkenik, Legebiltzarretik Ezker Batura iristen diren diru-sarrerak "hautsi" eta Mikel Arana "diru-sartze propioekin" gelditu dela ere esan dute.
Aranak ez duela dimitituko esan du
Mikel Arana EBko koordinatzaile nagusiak dimisioa aurkezteko asmorik ez duela adierazi du, azaroaren 12ko asanblea nagusirako hiru hilabete besterik ez direlako falta. Era berean, ez du baztertu alderdi ezkertiarrean beste zatiketa bat egotea.
Radio Euskadin adierazi duenez, ez du dimisioa aurkeztuko "asanblea nagusi berezia deituta egonda, ni jarduneko koordinatzaile orokorra naiz, eta ez du zentzurik asanblearako hiru hilabeteren faltan nik dimisioa aurkeztea".
Dimititzeko eskatu dioten alderdikideei dagokienez, "horrelako prentsaurrekoek" Ezker Batuari "inolako mesederik" egiten ez diotela adierazi du. "Alderdikide hauek gauzak nik baino hobeto egingo dituen hautagaia badute, azaroaren 12an aurkeztea besterik ez dute", gaineratu du.