Politika -
'Faisan auzia'
Poliziaren hiru buruzagi auzipetuta, ETAri laguntza emateagatik
2006ko maiatzean ETAren estortsio sarearen aurkako polizia-operazio batek porrot egin zuen, filtrazio baten ondorioz. ETA ohartarazi zutenak hiru poliziaburuak izan zirela uste du epaileak.
Erredakzioa
Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak Espainiako Poliziaren hiru buruzagi auzipetu ditu, ETAri laguntza ematea eta sekretupeko informazioa zabaltzea leporatuta. Auzipetautako poliziak hauek dira: Victor Garcia Hidalgo Poliziaren zuzendari nagusi ohia, Enrique Pamies Poliziaren EAEko buruzagia eta Jose Maria Ballesteros Poliziaren Arabako Informazio Brigadaren inspektorea.
2006ko maiatzean ETAren estortsio sarearen aurkako polizia-operazio bat prest zegoen, baina Irungo Faisan tabernan atxiloketak izango zirela ohartarazi zuten eta operazioa bertan behera utzi behar izan zuten.
Epailearen arabera, une honetan "argudio nahiko dago" aipatu filtrazioa hiru polizia-buruek egin zutela pentsatzeko.
Garcia Hidalgok, Pamiesek eta Ballesterosek datorren uztailaren 19an (10:00) deklaratuko dute Auzitegi Nazionalean eta orduan jakinaraziko die Pablo Ruz epaileak auzipetuta daudela.
Victor Garcia Hidalgo Poliziaren zuzendari nagusi ohiaren, Enrique Pamies Poliziaren EAEko buruzagiaren eta Jose Maria Ballesteros Poliziaren Arabako Informazio Brigadaren inspektorearen abokatuek auzipetzearen aurka helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute, iturri juridikoek jakinarazi dutenez.
Hamabi zantzu
Autoaren arabera, epaileak hamabi froga bildu ditu auzipetuen aurka ahozko epaiketa hasteko. Zantzu horien artean, ikertzen ari diren telefono-deia eman baino minutu batzuk lehenago Ballesteros Arabako Informazio Brigadaren inspektorea Faisan tabernaren inguruan izan zela egiaztatu ahal izan duela aipatzen du.
Filtrazioaren berri Joseba Elosuaren ibilgailuan ezarritako baliza baten bitartez jakin ahal izan zutela ere zehaztu du epaileak. Gainera, Faisan tabernako inguruak grabatuta agertzen diren bideo-zintetan hainbat zati falta direla azpimarratzen da autoan.