Politika -
Europako Parlamentua
Eurodiputatu talde batek espetxe-politika aldatzeko eskatu dio Pedro Sanchezi
38 europarlamentarik gutuna igorri diote Espainiako Gobernuko presidenteari, presoen auzia konpon dezala eskatuz, "Euskal Herrian adiskidetzea eta betirako bake justua lortzeko bidean".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
38 eurodiputatuk gutuna bidali diote Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari ETAko presoei aplikatzen dieten espetxe-politika alda dezala eskatuz.
Adierazpena sinatu duten europarlamentari gehienak Berdeak eta Ezker Bateratuko kideak dira, eta David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteari ere igorri diote.
Diputatu horien esanetan, presoen auzia konpontzea ezinbestekoa da "Euskal Herrian adiskidetzea eta betirako bake justua lortzeko bidean".
184 euskal preso etxetik 250 eta 1.100 kilometro artean espetxeratuta daudela eta horrek haien senideak zigortzen dituela eta gizarteratzea oztopatzen duela kritikatu dute.
Ildo horretan, gogora ekarri dute Europako Parlamentuak 2017an ebazpen bat onartu zuela zenbait estatu kidek aplikatzen zuten sakabanaketa politika gaitzetsiz eta etxetik urrun espetxeratutako presoak hurbiltzeko neurriak eskatuz.
Horrez gain, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoentzako irtenbidea eskatu dute. "Egun 19 preso daude egoera horretan. Espainiako Gobernuak egungo legedia bete eta preso horiek askatzea aztertu behar du", adierazi dute gutunean.
Eskutitza sinatu duten 38 eurodiputatuen artean, Pernando Barrena, Carles Puigdemont, Toni Comin, Diana Riba eta Miguel Urban daude.