Politika -
Zigor Kodearen erreforma
Matxinada eta sedizio delituen tipifikazioa aztertzea proposatuko du Sanchezek
Espainiako Gobernuak sedizio delitua leuntzea erabakitzen badu eta erreformak aurrera eginez gero, Kataluniako buruzagi independentistei ezarritako zigorrak murrizteko aukera egongo litzateke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak matxinada eta sedizio delituen tipifikazioa eguneratzeko proposamena egingo du. Oraingoz ez du xehetasunik eman, baina Zigor Kodearen balizko erreforma aurrera eramateko gainerako talde parlamentarioen babesa beharko du.
Ministroen Kontseilua amaituta, Maria Jesus Montero bozeramaileak azaldu du Sanchezek eztabaida bat abiatu nahi duela Diputatuen Kongresuan Zigor Kodea eguneratzeko eta, besteak beste, Kataluniako gatazka politikoaren auzian agertu diren sedizio eta matxinada delituen tipifikazioa aztertzeko.
Koalizio-gobernuaren baitan oraindik ez dute gai honen inguruan hitz egin eta, ondorioz, ez dago argi nola jokatuko duten. Bi aukera daude: Zigor Kodea erreformatzeko lege-proiektua aurkeztea Gobernuak, edo Talde Sozialistak lege-proposamena eramatea Kongresura.
Bigarren aukeraren alde eginez gero, Unidas Podemosek bere proposamen propioa aurkezteko beta izango luke.
Bidea edozein delarik ere, Sanchezek gainerako talde parlamentarioekin akordioa egin beharko du Zigor Kodea aldatu ahal izateko.
Aldaketa zein izango den ez dute argitu
Bestalde, Monterok azpimarratu du erreformaren helburua ez dela soilik matxinada eta sedizio delituak aztertzea, eta zehaztu du delitu sexualen tipifikazioa ere eguneratu nahi dutela.
"Zigor Kodea egungo errealitatera egokitzea eta delituzko hainbat jarrera argitzea da helburua eta gure proposamena irekia izango da", erantsi du.
Kazetariek sarritan galdetu dioten arren, Monterok ez du argitu PSOEren asmoa sedizio delitua leuntzea den edo ez. Areago, Espainiako Gobernuko iturriek ez dute baztertu matxinada delituaren tipifikazioa gogortzea eta sedizioarena arintzea.
Eragina Kataluniako auzian
Bestalde, Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesu independentistaren kontrako epaiketan ezarritako zigorretan eragina izan dezake Zigor Kodearen balizko erreformak. Sedizio delituaren tipifikazioa arinduz gero, Oriol Junquerasen eta espetxean dauden gainerako buruzagi independentista katalanen zigorrak murrizteko aukera izango litzateke.
Oro har, legeak ezin dira atzeraeraginez aplikatu, hau da, pertsona bati ezin zaio ezarri delitua egin ondoren indarrean sartutako zigor bat. Aitzitik, arau berri hori presoaren aldekoa bada, salbuespena egiten da.