Politika -
2000n atxilotu zuten
Agurtzane Delgado ETAko presoa espetxetik irten da, kartzelan 19 urte eman ostean
Granadako Alboloteko kartzelan zegoen. Frantzian sei urteko baino gehiagoko espetxe-zigorra bete zuen, eta Espainiako kartzeletan hamabi urte eta erdi eman ditu.
Agentziak | Erredakzioa
"Komando Madril" izenekoaren "historikotzat" jotzen duten Agurtzane Delgado Iriondo ETAko presoa Granadako Alboloteko kartzelatik irten da, espetxean 19 urte eman ostean, Etxerat ETAko presoen senideen elkarteak sare sozialetan jakinarazi duenez.
Naiz egunkari digitalak zehaztu du Delgadok sei urteko baino gehiagoko espetxe-zigorra bete zuela Frantzian, eta Espainiako kartzeletan hamabi urte eta erdi eman dituela.
2000ko irailaren 17an atxilotu zuten Delgado Iriondo Ipar Euskal Herrian, eta Espainiara 2007ko uztailean estraditatu zuten behin betiko. 2003ko urtarrilaren 13an espetxe-zigorra ezarri zion Parisko Auzitegi Korrekzionalak, gaizkileak helburu terroristekin elkartzeagatik.
ETAko dokumentuen faltsutze-aparatuko erantzunkidea
ETAko dokumentuen faltsutze-aparatuko erantzunkidea izan zen Delgado Iriondo 90eko hamarkadan, eta Espainian zituen auzi batzuengatik hainbat espetxe-zigor zituen ezarrita jada. Frantziak, 2003an ere, aldi baterako utzi zuen Estatu espainiarraren esku.
Espainian bete gabe zituen zigorren artean, Ricardo Tejero Banku Zentraleko zuzendari nagusiaren hilketarekin konplizitatea izateagatik zuena zegoen (1985ean izan zen hilketa hura, Madrilen); 18 urteko espetxe-zigorra zuen ezarrita horregatik Delgado Iriondok.