Politika -

EAE-ko aurrekontuak

Legebiltzarrak EH Bilduren eta PPren zuzenketak atzera botako ditu gaur

Bi osoko zuzenketek ez dute aurrera ateratzeko aukerarik. Horrela, EAEko aurrekontuen tramitazioak ostegunean jarraituko du. Zuzenketa partzialak eztabaidatuko dituzte batzordean.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuek aurreneko oztopoa gaindituko dute gaur; izan ere, EH Bilduk eta PPk aurkeztutako osoko zuzenketak atzera botako ditu Eusko Legebiltzarrak, Podemosek ez dituelako babestuko, Eusko Jaurlaritzarekin akordioa itxi ondoren.

Ganberak osoko bilkura egingo du gaur, EH Bilduk eta Alderdi Popularrak aurrekontu proiektua itzultzea eskatu ondoren. Bi osoko zuzenketek ez dute aurrera ateratzeko aukerarik. Horrela, EAEko aurrekontuen tramitazioak ostegunean jarraituko du. Zuzenketa partzialak eztabaidatuko dituzte batzordean. Tramitazioa abenduaren 27an (ostirala) bukatuko da azken bozketarekin.

Podemosekin eta Equorekin adostutako itunari esker prozesuari lasaitasunez helduko dio Eusko Jaurlaritzak. Osoko zuzenketen aurka botoa emateko konpromisoa hartu zuen koalizio moreak -partzialen kasuan, Exekutiboarekin adostutakoak soilik babestuko ditu- eta abstentzioarekin proiektua onartzea erraztuko du abenduaren 27an.

Trukean, koalizio moreak 88,9 milioi euroren helburua erabakiko du 2020an (aurrekontuak, guztira, 11.774 milioi ditu), eta beste 112,6 milioi konpromiso kreditutan 2021erako eta datozen urteetarako.

Balizko krisi ekonomiko baten aurrean bere ekarpenak "ezkutu" bat bezala aurkeztu ditu Podemosek. Horrela, aurrekontu-sail garrantzitsuenen artean, diru-sarrerak bermatzeko errentaren igoera (% 4) dago; Eusko Jaurlaritzak % 2ko igoera planteatu zuen negoziazioan, eta koalizio moreak % 8koa.

Haurreskolen tarifak % 10 merkatuko dituzte 2020an, eta beste % 10 2021ean. Gainera, hezkuntza azpiegituretarako egitasmoak 10 milioi gehiago izango ditu, bereziki segregazio handiena duten ikastetxeetarako.

Bestalde, larrialdi klimatikoari aurre egiteko 112,4 milioi bideratuko ditu itunak, 2027ra arte ekintzak aurrera eramateko.

Elkarrekin Podemos osatzen duten hiru alderdietatik bik soilik hartu dute konpromisoa akordioan; izan ere, Ezker Anitza-IUk negoziazioa hasieran utzi zuen. Ondorioz, bi legebiltzarkideek aurrekontuen aurkako botoa emango dute, baina horrek ez du aurrera ateratzea eragotziko.

Podemosekin itxitako akordiorekin bazkide aldaketa egin du Jaurlaritzak; izan ere, legealdiko lehen bi ariketetan PPk erraztu zuen aurrekontuen onarpena. Iaz EH Bildurekin negoziatzen saiatu zen EAEko Exekutiboa, baina ez zuten akordiorik itxi, eta aurrekontuak luzatu behar izan zituzten, EAJk eta PSE-EEk Legebiltzarrean gehiengorik ez dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PP Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak