Politika -
Inbestidura saioa
Barcinak 'Nafarroaren onuran soilik' pentsatuz aginduko du
Roberti Jimenezek (PSN) babesa agertu dio Barcinari, baina oposizioari akordioetara iristeko eskua luzatuta. Presidente izendatzeko bozketa gaur izango da, 19:45ean.
Erredakzioa
Yolanda Barcina UPNren presidentegaiak esan du Nafarroako Foru Gobernuko buru hautatzen badute "Nafarroaren eta nafarren onuran soilik" pentsatuz aginduko duela. UPNk eta PSNk osatuko duten koalizio gobernua "ezberdin pentsatzen duten bi alderdiren adostasunaren adibide" dela azpimarratu du.
Yolanda Barcinak Nafarroako Parlamentuaren aurrean hitz egin du gaur presidente izateko babesa jasotzeko. Dagoeneko ziurtatuta du presidente izendatuko dutela UPNk eta PSNk iragan astean lotu zuten akordioari esker.
Buruzagi erregionalistak azaldu duenez, Nafarroan "tradizioa da itunak egitea, eta orain akordioari eta adostasunari esker sortutako Gobernu bat izango du". Erregionalistek eta sozialistek "printzipioak eta baloreak" atzean utzi ez dituzten arren, "ezberdin egiten gaituztena ahaztu eta batzen gaituenean ados jartzen" jakin dutela azpimarratu du.
Gainera, "alderdi demokratikoekin, agente sozial eta ekonomikoekin, udalekin, unibertsitateekin eta gure gizarteko erakunde, elkarte eta kolektiboekin akordioetara iristeko" konpromisoa hartu du Barcinak.
Nafarroako lehenengo emakumezko presidentea izango denak esan du "lehentasuna enplegua sortzea" izango dela, "langabezia baita herritarren kezka nagusia".
Zergei dagokienez, ez omen ditu handituko "Foru Gobernuaren esku dauden zergak" eta "errenta baxuak dituztenen aldeko neurriak" bilatuko dituzte.
Barcinak Gobernuaren programaren zati bat azaldu du eta turismo alorrari garrantzia handia eman dio. Hor, Entzierroen eta Sanferminen Zentro Tematikoa eraikitzeko asmoa berretsi du, "turismoaren zutabea" izango delako.
Hauteskundeetako emaitzei dagokienez, ez du ahaztu UPNk ez duela gehiengo osoa lortu hauteskundeetan. Bilduren kasuan, Konstituzionalaren erabakia ez duela babesten berretsi du, baina Parlamentuan ordezkariak lortu ondoren, orain "ETAren terrorismoa sendotasunez eta zalantzarik gabe" gaitzetsi behar duela uste du.
Jimenezek Barcina babestu du, baina oposizioari eskua luzatuz
Roberto Jimenez PSNren idazkari nagusiak "babesa" agertu dio Yolanca Barcina presidentegaiaren programari, baina argi adierazi du eskua luzatzen diola oposizioari Nafarroaren aldeko ekimenak aurrera eramateko.
Barcinak emandako hitzaldiaren ondoren hartu du hitza Jimenezek, talde parlamentarioen erantzunen tartean. PSNk akordioa sinatu zuen iragan astean UPNrekin koalizio gobernua osatzeko, beraz, gaurkoan UPNko presidentegaiaren programa babestu du.
PSNren buruzagiak ohartarazi du babes hori egoera ekonomiko txarraren testuinguruan kokatu behar dela, krisia gainditzeko gobernu egonkorrak behar direlako, eta hori horrela, 6 talde parlamentarioen artean akordioetara iritsi behar dutela uste du.
"Aniztasun" hori "aberastasuna" dela azpimarratu du Jimenezek, eta "herritarrek akordioak eskatu" dituztela.
Bilduri dagokionez, "zilegitasun demokratikoa" duela berretsi du, eta orain koalizioari "hutsik ez egitea" dagokiola esan du.
Bozketa, gaur
Orain arte, zalantzan zegoen bozketa gaur arratsaldean izango zen ala bihar, baina azkenean Catalanek gaurko jarri du.
Bozketa isilpekoa izango da. Hautagaiak Parlamentuko gehiengo osoaren babesa jasotzen badu, eta horixe espero da, presidente izendatuko dute.
Maiatzaren 22ko foru hauteskundeetan, UPNk 19 eserleku lortu zituen, PSNk 9, NaBaik 8, Bilduk 7, PPk 4 eta Izquierda-Ezkerrak 3.
Barcinak uztailaren 1ean egingo du karguaren zina, eta haren Gobernuak hurrengo egunean, uztailaren 2an.