Politika -
Osoko bilkura
Martin Garitano (Bildu), Gipuzkoako Gobernutik oso gertu
EAJk eta PSEk ez dute Gipuzkoako egoeraren inguruko elkarrizketarik izan azken egunetan, eta ez dute gai honi buruz akordiorik adostu.
Erredakzioa
Martin Garitano Bilduko hautagaia Gipuzkoako diputatu nagusi berria izango da bihartik aurrera, osoko bilkuran ezustekorik gertatzen ez bada. EAJk eta PSEk ez dute Gipuzkoako egoeraren inguruko elkarrizketarik izan azken egunetan, eta ez dute gai honi buruz akordiorik adostu.
Ekainaren 11an Udalak osatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan eta, orduan ere, EAJk, PSEk eta PPk ez zuten itun zabalik lortu. Ondorioz, Gipuzkoako hainbat herritan Bilduk alkatetza lortu zuen, tartean Donostian. Ordutik, ez da erlaziorik egon EAJren eta PSEren artean. Ondorioz, alderdi bakoitzak bere hautagaia aurkeztu eta defendatuko du ostegunean egingo duten osoko bilkura berezian, Aralar izan ezik (Bilduren hautagaiaren alde bozkatuko du Aralarrek).
EAJk Markel Olanoren hautagaitza defendatuko du; PSEk, Rafaela Romerorena eta PPk Juan Carlos Canoren alde egingo du, gaur iragarri dutenez.
Ezustekorik gertatzen ez bada, eta alderdi bakoitzak bere hautagaiari babesa ematen badio, Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundia lortuko du bihar. Orain arte EAJk gobernatu du Gipuzkoan, baina azken hauteskundeetan boto ugari galdu dituzte jeltzaleek eta lau alkatetza besterik ez dituzte lortu (Hondarribia, Elgoibar, Aia eta Urnieta). Horrez gain, jeltzaleek ez zituzten sozialisten hautagaiak bozkatu Donostiako, Errenteriako edo Andoaingo Udaletan eta, ondorioz, EAJk ere ez du bihar PSEren babesa eskuratuko.
Bestalde ,Gipuzkoako PPk Juan Carlos Cano hautagaia aurkeztuko du bihar diputatu nagusi berria aukeratzeko osoko bilkura berezian. EAJrekin eta PSErekin akordioa lortzea "ezinezkoa" izan dela esan dute popularrek, "euren arteko adostasunari aukerarik eman ez diotelako eta gipuzkoarren gehiengoa umezurtz uztea nahiago izan dutelako".
Juan Carlos Canok agerraldia egin du gaur Donostian, eta PSEren eta EAJren ordezkariekin hitz egiteko "azken esfortzua" asteartean bertan egin zuela esan du. "Gobernu aurrerakoi bat osatzeko azken saiakera izan zen", eta horretarako hautagaien hurbileko ordezkariekin hitz egiten saiatu zen.
Hala ere, "gipuzkoarrei etorkizunera begira aukerarik emateko" asmorik ez zuela aurkitu nabarmendu du Canok. "Espero genuen errealitate txundigarria aurkitu genuen", gaineratu du.