Politika -

Aaiun

Mendebaldeko Saharan sartzea eragotzi die Marokok lau legebiltzarkideei

Carmelo Barriok (PP) jakitera eman duenez, Aaiunen lur hartu dute, baina kale-jantzian zegoen polizia batek ezin zirela hegazkinetik atera eta Kanariar Uharteetara itzuli behar zirela esan die.

Legebiltzarkideak prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Legebiltzarkideak prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Marokok legebiltzarkideak Aaiunetik kanporatu ditu

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marokoko Poliziak lau legebiltzarkideei Mendebaldeko Sahara lurraldean sartzea eragotzi die gaur. Aste honetan bisita egiteko asmoa zuten Eusko Legebiltzarreko ordezkariek.

Carmelo Barrio Alderdi Popularreko legebiltzarkideak hegazkinetik bertatik jakitera eman duenez, Binter konpainiako hegaldiak Aaiunen lur hartu du, baina lur hartu bezain laster kale-jantzian zegoen polizia batek ezin zirela hegazkinetik atera eta Kanariar Uharteetara hegazkin berean itzuli behar zirela esan die.

Binterreko hegaldiaren komandanteari berari esan diote legebiltzarkideak Las Palmasera berriro eramateko. Nezha Khalidi kazetari eta ekintzaile sahararra beraiekin zegoen, baina berak badu izan baimena lurreratzeko.

Carmelo Barriok esan duenez (bera zen taldeko koordinatzailea), legebiltzarkideen asmoa zen "saharar herriaren ordezkariekin harremanetan jartzea", eta, halaber, "giza eskubideen alde lan egiten duten erakundeekin hitz egitea". Ez zuten baztertzen Marokoko agintariekin batzarra egitea, "beraiek eskatuz gero", baina Barriok onartu du ez zutela beraiekin harremanik eginda.

Beste batzuetan ere gertatu izan da

Beste batzuetan gertatu izan da Estatutik iritsitako politikari batzuk ezin izatea saharar lurraldean geratu; are gehiago, ohikoena izan da.

Marokoko agintariek inoiz ez dute ematen idatzizko kanporatze-agindurik, baina argudiatu ohi dute, gerora, bisita horiek "Marokoren aurkako agenda batek markatuak" izaten direla. Gainera, agintariek diotenez, bisitariek "migrazio-arauak urratzen dituzte"; izan ere, turista moduan sartzen dira, baina egia esan agenda politikoa izaten dute.

2016an (azken zifra ofizialak urte horretakoak dira), Marokoko agintariek orain sartzen saiatu direnen bezalako baldintzetan zeuden 93 lagun kanporatu zituzten guztira, Saharan sartu aurretik edo sartu ondoren. Kasu horietan guztietan, argudioak oraingoak bezalakoak izan ziren.

Carmelo Barriok berak gogora ekarri duenez, beste batean ere kanporatu zuten, orain bezala; gerora egindako beste bisita batean, aldiz, lortu egin zuen saharar lurraldean sartzea, baina, esan zuenez, susmoa izan zuen, etengabe, zelatatzen ari zitzaizkiola.

Galdetu diote Barriori ea bere jarrerak adierazten ote duen PPrena zein den; azaldu duenez, PPn "Saharako gatazkari buruz, askotariko iritziak daude", eta nabarmendu du Euskadin "sahararrekiko elkartasuneko indar handiko korrontea" dagoela.

"Bueltatzeko agindu digute"

EH Bilduko Josu Estarronak Twitterren zehaztu duenez, "Marokoko polizia-agente batzuek" hegazkinetik jaistea galarazi diete: "Mehatxatu egin gaituzte; ustezko saharar tribu bateko lider bat igo da, interprete batekin, eta esan digu ordezkaritza hau ez zela ongietorria. Bitartean, Marokoko Erresuma diktatorialeko zerbitzuek grabatu gaituzte. Lotsagarria. Bueltatzeko agindu digute", iragarri du.

Legebiltzarkideen bidaiak berebiziko interesa izan du aurten; izan ere, Espainiako Gobernuak ohartarazi zuen arriskutsua zela Tindufeko kanpamentuetara joatea, bertan alerta terrorista baitago; nolanahi ere, bisitaren jomuga Aaiun zen, hau da, Marokok kontrolatutako lurralde bat.

"Marokoko Gobernuaren jarrera gardentasun gutxikoa da"

 Ohar baten bidez EAJk adierazi du Marokoko Gobernuaren jarrera "gardentasun gutxikoa" iruditzen zaiola, "Saharar herriaren askatasunak mugatzea eta giza eskubideen urraketak ezkutatzea" egotzi baitio.

Eva Juez ordezkaritzako legebiltzarkide nazionalistak esan du: "Saharako lurraldean legebiltzarreko ordezkariek egiten duten lana erabakigarria da, lurralde okupatuetan oinarrizko eskubideen urraketa larriak salatzeko".

Legebiltzarkide nazionalistak Nazio Batuen ebazpenak bete behar direla azaldu du eta era berean, sahararrek legez duten autodeterminazio eskubidea erabiltzeko ahalmena dutela aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Politika Eusko Legebiltzarra bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguneko albisteak Albisteak Mendebaldeko Sahara Maroko azken ordukoa