Politika -
Espainiara eramateko eskaera
Valtonycen aldeko zigor kodea erabiltzea eskatu du EBko Justizia Auzitegiko abokatuak
Belgikako Justiziak abenduaren 24rako aurreikusi du rap-abeslaria Espainiara entregatzeko eskaerari buruzko epaiketa, baina baliteke atzeratzea.
Agentziak | Erredakzioa
Josep Miquel Arenas Beltran 'Valtonyc' rap-abeslariaren gaineko euroaginduaren inguruan erabaki bat hartzeko, Belgikako Justiziak 2012an Espainian indarrean zegoen Zigor Kodea izan behar duela oinarri uste du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak. Hala, ustezko delituak egin zituenean indarrean zegoen kodea baliatzea eskatu du, eta ez 2015ekoa, alegia, zigorrak gogortu zituenekoa.
Michal Bobek legelari txekiarraren iritziak ez dira lotesleak, baina Europako Gortearen behin betiko erabakiak bideratu ohi ditu. Testuinguru horretan, Espainiak ez zuela Valtonyc entregatzeko euroagindua behar bezala eman uste du EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak.
Belgikako Justiziak abenduaren 24rako aurreikusi du rap-abeslaria Espainiara entregatzeko eskaerari buruzko epaiketa, baina baliteke atzeratzea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak behin betiko erantzuna aurretik ematen ez badu.