Politika -

A10eko emaitzak

Arrimadasek indartsu ikusten du bere burua, Ciudadanos gidatzeko moduan

Epe laburrera begira, "alderdia sendotu" nahi du, baina helburu hori lortzeko prozesua ez da martxora arte hasiko, orduan egingo baita zuzendaritza berria aukeratuko duen ezohiko batzarra.

Ines Arrimadas Ciudadanosek Kongresuan duen bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE
Ines Arrimadas Ciudadanosek Kongresuan duen bozeramailea.
Ines Arrimadas Ciudadanosek Kongresuan duen bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ines Arrimadas Ciudadanosek Kongresuan duen bozeramaileak "indartsu, ausart eta egoerak eskatzen duen mailan" ikusten du bere burua alderdi horren lidergoa bere gain hartzeko. Dena dela, oraindik ez duela bere hautagaitza aurkeztuko jakinarazi du, kontuan hartu behar diren "epe batzuk bete behar baitira".

"Nire egunerokoan, egoera zail bat dagoen guztietan aurrerapauso bat eman dut. Ausarta izango naiz", azpimarratu du Arrimadasek, Albert Riverak dimisioa eman eta astebetera telebistan egindako elkarrizketa batean.

Testuinguru horretan, alderdiaren lidergoa bere gain hartuz gero aldaketa batzuk egitea gustatuko litzaiokeela esan du, "hainbat gauza hobetu behar direlako". Alabaina, azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan jasandako porrotaren inguruan onartu duen akats bakarra Ciudadanosen estrategia politikoari buruzkoa izan da: "Ezin da boto-emailea nahastu, eta Sanchezi ez geniola gure babesa emango argi utzi genuen arren, legealdiaren azken astean ez genuen egoera politikoa konpontzeko irtenbidea behar bezala azaldu".

Gainera, agertoki polarizatuetan, "zentroko alderdiek beti emaitza txarragoak" lortzen dituztela esan du Arrimadasek, "hautesleak azkarrago desmobilizatzen direlako", horren arabera. Hala, Pedro Sanchez buruzagi sozialistak "agertoki polarizatu bat nahi zuen", ziurtatu du.

Bestalde, Arrimadasek esan du Rivera ordezkatzeko "babes zabala" duela, eta, Ciudadanoseko zuzendaritzaren irizpide nagusiari jarraiki, PSOEren eta Podemosen arteko koalizio gobernu bat ez babesteko erabakia berretsi du. Ildo horretatik, PSOE, PP eta Ciudadanosen arteko "akordio sendo bat" egitearen alde egin du, Riverak hauteskunde-kanpainan babestu zuen bezala.

Horregatik, Ciudadanosen bozeramaileak azpimarratu duenez, Sanchezek Podemosekin itunik egiten ez badu soilik abstenituko dira, "ez dugulako nahi Podemosek gobernatzea, ezta nazionalista guztien esku dagoen gobernu bat ere".

Hauteskunde orokorretako emaitzei dagokienez, Arrimadasek adierazi du bere alderdiak "gehiegizko prezioa" ordaindu duela bozetan: "Kennedy hil dugula dirudi, guri ez digute barkatu".

Horren esanetan, A10ean galdu zituzten 2,5 milioi botoetatik milioi bat abstentziora joan ziren, 200.000 PSOEra eta gainerakoak "egoera desblokeatzeko ezer egin ez duten beste bi alderdi nagusietara (PP eta Vox)".

Ondorioz, epe laburrera begira "alderdia sendotu" nahi duela esan du, baina helburu hori lortzeko prozesua ez da martxoaren bigarren astera arte hasiko, orduan egingo baita primarioetara aurkeztuko diren hautagaien artean zuzendaritza berria aukeratuko duen ezohiko batzarra.

Bestalde, Riverak gutun bat bidali dio militantziari, eta, autokritikarik egin ez badu ere, harro agertu da Ciudadanosen geratu den taldeaz, elkarrekin lortu dutenaz eta "hain beharrezkoa den proiektu hau inspiratzen duten balioez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Pablo Iglesias Alderdi politikoak Pedro Sánchez Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak