Politika -
Biktimen Nazioarteko Kongresua
Pagazaurtundua: 'Biktima asko Bildu auziarekin minduta daude'
Biktimen elkarte ezberdinek hartutako erabakiak "errespetatzen" dituela adierazi du Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak.
Erredakzioa
Indarkeria terroristaren biktima asko "zapuztu ditu Bilduren legeztatzeak" eta "minduta daude, ez dutelako ulertzen", Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak gaur Donostian azaldu duenez.
Biktimen zenbait elkartek ekainaren 27an Diputatuen Kongresuan egitekoa den omenaldira ez joatea erabaki dute eta Pagazaurtunduak erabaki hori mintzagai izan du gaur. Bilduk Euskadiko eta Nafarroako erakundeetan ordezkaritza izatearen kontra agertu dira biktimen elkarte horiek.
Biktimen elkarte ezberdinek hartutako erabakiak "errespetatzen" dituela adierazi du Pagazaurtunduak Donostian, Biktimen Nazioarteko Kongresuaren atsedenaldi batean.
Bere fundazioa "sektore publikoaren parte" dela gogorarazi du, baina "gainerako elkarteen independentzia eta erabakiak errespetatzen" dituela erantsi du. Horregatik, terrorismoaren biktimak ulertzea eskatu du Pagazaurtunduak, Bilduren legalizazioarekin "minduta" daudelako.
"Sigla politikoen iruzurra"
Koalizioa abertzalearen nortasun "bistakoa" zen biktimentzat, baina "Justiziak horrela ez ikustea" ez dute ulertzen, are gehiago, beste instantzia batzuk "sigla politikoen iruzurra" egon dela azaldu dutenean, Pagazaurtunduaren hitzetan.
"Horrek haserrea eragin du, erakundeek egiten duten lan onarekin bateragarria ez delako. Eta hor daude arazoak", gaineratu du.