Politika -

Biktimen Nazioarteko Kongresua

Aresek uste du bakea Bilduk ETA gaitzesten duenean iritsiko dela

Aresek ohartarazi du ETA ez dela desagertu, baina, era berean, nabarmendu du "orain arte entzuten ez ziren gauzak" entzuten ari garela eta "indarkeriaren amaiera hatz puntekin" ukitzen ari garela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua erabat ziur agertu da Bilduk ETAren indarkeria argi eta garbi gaitzesten duenean behin betiko bakea hurbilago egongo dela.

"Indarkeria errefusatzen dutela esaten duten horiek baieztapen orokorrak albo batean uzten dituztenean eta egun existitzen den biolentzia bakarra, ETArena, argi eta garbi gaitzesten dutenean, Euskadik urrats erabakigarria emango du bakerako bidean", azpimarratu du Bilduri aipu eginez.

Rodolfo Aresek Donostiako Aiete Jauregian egiten ari diren Terrorismoaren Biktimen Nazioarteko Kongresuan hartu du parte. Biltzarren honetan mundu osoko 200 bat aditu elkartu dira. Kongresua Espainiako Gobernuak, Ameriketako Estatuen Erakundearen Idazkaritza Nagusiak eta Europako Kontseiluak antolatu dute, Jaurlaritzarekin elkarlanean.

Bildu

Aresek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak nahiago zuen Bilduk "instituzio garrantzitsuak ez zuzentzea" eta koalizioarekiko "zuhurtzia-tarte bat hartzea". Alabaina, "tamalez, ez da horrela izan", deitoratu du.

Denbora-tarte hori ezinbestekotzat jo du, "alde batetik, indarkeriatik behin-betiko aldentzeko asmoa benetakoa dela eta gainerako alderdiekin terrorismoaren aurka lan egiteko prest dagoela egiaztatzeko eta, bestetik, krisiari aurre egiteko eta Euskadi modernizatzeko beharrezkoak diren proiektuak aurrera eramateko gobernu sendoak behar direlako", adierazi du.

Itxaropenerako garaia

Aresen iritzian, euskal gizarteak "itxaropen garaia" bizi du, "apurka-apurka bakea eta askatasuna gailentzen ari direlako eta inoiz entzun eta ikusi ez ditugun gauzak entzuten eta ikusten ari garelako ETAren indarkeria justifikatzen zuen mundutik", nabarmendu du.

Hala ere, "printzipio etikoak eta demokratikoak hamarkada luzeetan errespetatu ez dituztenekin" zorrotzak izatearen alde egin du. "Bakea hatz puntekin ukitzen ari gara, baina ezin dugu ahaztu ETA oraindik bizirik dagoela", gaineratu du.

Gauzak horrela, "gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da sektore politiko guztiek ETAri desegin dadila exijitzea", azpimarratu du.

ETAren aurkako borroka

Bitartean, Jaurlaritzak "irmotasun demokratikoari" eutsiko diola eta indarkeria erabiltzen dutenekin "inpunitaterik" izango ez dela iragarri du. Indarkeriari zilegitasuna kentzeko lanean jarraituko du Jaurlaritzak eta horretarako, besteak beste, "biktimek euren testigantzak ikastetxeetan azaltzen segituko dute".

Ildo horretan, terrorismoaren biktimak aintzat hartzeko ekimenak eta omenaldiak antolatzen jarraituko du Jaurlaritzak. Epe laburrean, Memoriaren Mapa osatu eta Euskadiko Memoriaren Zentroa sortzeko asmoa ere badutela jakinarazi du Aresek, "terrorismoak eragin duen kaltea, sufrimendua eta oinazea modu iraunkorrean gogoratua izan dadin".

Datu batzuk

Bestalde, Justo Zambrana Barne Ministerioko idazkariordeak azken hamarkadetan indarkeriak eragindako hildakoen eta kaltetutakoen inguruko datuak eman ditu.

Barne Ministerioaren arabera, azken 40 urteotan 1.382 pertsona hil dira; 57 pertsonek balioezintasun larria pairatu dute; 223k balioezintasun iraunkor absolutua dute; 617k balioezintasun iraunkor osoa; 3.127 lagunek lesioren bat sofritu dute; 178k aldi baterako balioezintasuna izan dute; 78 pertsona bahitu dituzte; 3.844k kalte materialak pairatu dituzte; eta Estatuak 700 milioi baino gehiago erabili ditu terrorismoaren biktimei laguntzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea