Politika -
Omenaldia biktimei
Covite eta AVT ez dira biktimen aldeko Kongresuko ekitaldian egongo
EAEko Terrorismoaren Biktimen Elkarteak jakinarazi duenez, ez du ekainaren 27an Kongresuan egingo den ekitaldian parte hartuko Bilduren legeztatzeagatik protestatzeko.
Erredakzioa
Covite eta AVT terrorismoaren biktimen elkarteek iragarri dutenez, ez dira ekainaren 27an Kongresuan egingo den terrorismoaren biktimen omenaldian izango.
Covitek komunikatu baten bidez azaldu duenez, "ordezkari eta alderdi batzuk Bilduren legitimazioaren aurrean izandako jarrerak bideraezina" egiten du elkarte hori ekitaldian izatea.
Euskadi "iraganera itzuli da" eta alderdi horien erantzukizuna da, Coviteren ahotan. "Hainbat udaletan ETAko presoen aldeko pankartak jarri eta ideologia independentista ez duten zinegotziak hertsatu dituzte", salatu du biktimen elkarteak.
Coviteren ustez, abertzaleen koalizioak terrorismoaren biktimak "isilean egotera" zigortzen ditu, biktima euskal herritarrak bereziki, "etsai ugari dituzten eremu batean baitaude".
Elkartearen hitzetan, "zalantzarik gabe egoera honetara iristea eragin dutenek, orain akordio batera iritsi ezin dutenak dira, hasiera batean balioetsi zutena zigortu nahi dute orain, ez dute gaitasunik askok jakinarazi genuen errealitatea aurreikusteko".
Azkenik, ekainaren 27ko Diputatuen Kongresuko ekitaldian biktimen elkarteko ordezkariei hitza hartzen ez uztea kritikatu du Covitek.
AVT
Bestalde, AVTk, Terrorismoaren Biktimen Murtziako Elkarteak (AMUVITE) eta Estatuko Segurtasun Indarretako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (ACFSEVT) azaldu dutenez, politikariekin pozik daudenaren itxurak egitea ezinezkoa zaie, "Batasunaren izen-mailegatzaileak" erakundeetan izatea "ahalbidetu dutenean".
Ekitaldiak biktimak "erabiltzen" dituela salatu dute hiru elkarteek, izan ere, "politikarientzat" antolatuta dago.