Politika -
Ekitaldi ofiziala
Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak Memoriaren Eguna ospatu dute, PP gabe
Ekitaldia "Gauerdiko Iparrorratza" eskulturaren aurrean egin dute; lore eskaintza parte-hartzailea egin ostean, "Agur Jaunak" abestu dute, eta bi minutuko isilunearekin amaitu da ekitaldia.
eitb.eus
Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak Memoriaren Eguna ospatu dute gaur, Gasteizen, PPren presentziarik gabe.
Iñigo Urkullu lehendakaria ekitaldian izan da, Eusko Jaurlaritzako sailburuekin batera, baita Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria ere.
Ekitaldia "Gauerdiko Iparrorratza" eskulturaren aurrean egin dute; lore eskaintza parte-hartzailea egin ostean, "Agur Jaunak" abestu dute, eta bi minutuko isilunearekin amaitu da ekitaldia.
Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak ere elkarretaratzea egin du Loma Jeneralaren plazan, kartzeletara egindako bisitetan hildakoak biktima gisa aitortzeko eskatzeko.
Eusko Legebiltzarrean egindako lehen edizioan, terrorismoagatik kaltetutakoak bakarrik gogoratu ziren, baina motibazio politikoko indarkeriaren eta poliziaren gehiegikerien biktimak ere gogoratzen dituzte 2011tik, eta, hori dela eta, PPk Ganberan antolatutako ospakizunera ez joatea eta omenaldi propioa egitea erabaki zuen. PPk astelehenean egin du bere omenaldia aurten, Gasteizen.