Politika -

Behin betirako

Euskaraz egiten ez duten enpresak ez zigortzea eskatuko du PSEk

Eusko Legebiltzarrean erregistratu du proposamen hau PSEk, "inposaketak errefusatzen" duelako. Alderdi sozialistaren esanetan, zigorrek ez dute "errealitate soziolinguistikoarekin bat egiten".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kartelak euskaraz ez jartzeagatik eta hizkuntza honetan ez aritzeagatik merkatal guneei zigorrak ezartzea aurreikusten duen araudia bertan behera geratzea eskatu du PSE-EEk eta horren harian, proposamen bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean. Zenbait kasutan, isun hauek 60.000 eurokoak izan dira.

Zigor hauek arautzen dituen lege honen moldaketa eskatuko du alderdi sozialistaren proposamenak. Momentuz, ez dira isunik ezarri, joan den urtean Eusko Legebiltzarrak honen ezarpenari buruzko luzamendu bat onartu zuelako. Luzamendu hori uztailaren 27an amaituko da.

Jose Antonio Pastor PSEko legebiltzarkideak azaldu duenez, araudi honek ez du bat egiten "Euskadiko errealitate soziolingustikoarekin". Honen iritzian, euskal herritarren % 13k bakarrik egiten du euskaraz senitartekoekin. Gauzak horrela, ez dago isunak ezartzeko "inongo arrazoirik".

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko 2003ko Legea aldatzea proposatuko du PSEk. Juan Jose Ibarretxearen agintaldia bitartean onartutako araudi honek 3.000 eta 600.000 euro bitarteko isunak aurreikusten ditu.

"Euskararen gaitzespena eragiten ez dituen neurriak bultzatzea"

Euskadiko merkatal gune handietan, komunikazio, garraio eta zerbitzu enpresetan du eragina arau honek. Zenbait kalkuluek diotenez, araudiak 8.000 enpresa hartuko lituzke, guztira, 200.000 langile.

Pastorrek azaldu duenez, "euskararen gaitzespena eragiten ez dituen neurriak bultzatzea" litzateke proposatutako erreforma honen helburua. Zentzu honetan, legebiltzarkidearen esanetan, euskararen aldeko politikak ezin dira "inposaketetan" oinarritu. Hauek, ordea, "atxikimendu librea bilatu behar" dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea