Politika -
ETA
Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du Garikoitz Aspiazu Lidon epailearen auzian
Uste du ez dagoela nahikoa frogarik magistratuaren heriotza eragin zuten tiroak berak egin zituela ziurtatzeko.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du Garikoitz Aspiazu ETAren buruzagi ohia Jose Maria Lidon magistratuaren hilketaren (2001, Getxo) auzian; izan ere, uste du ez dagoela nahikoa frogarik magistratuaren heriotza eragin zuten tiroak berak egin zituela ziurtatzeko.
Asier Arzalluz ere auzipetu zuten auzi honetan, eta Fiskaltzak hasieran 30 urteko kartzela-zigorra eskatzen bazuen ere, azkenean akusazioa erretiratu zuen epaiketa ebazpenaren zain geratu aurretik, ez zutelako lortu egiaztatzea bera izan zela egilea.
Auzitegiak azaldu duenez, absoluzioa Konstituzioaren, Zigor Kodearen eta Zigor Prozeduraren Legearen arauetan oinarritzen da; eta biktima "kide" bat zela onartu arren, adierazi du horrek ezin duela "gupidaz edo mendeku gosez" jokatzea ekarri.
Froga guztiak aztertu ostean, azpimarratu dute Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren txostenetan ez dagoela pisuzko ezer ETAko bi kide horiek hiltzaileak direla pentsatzeko.
Lidonen epaiketan haren alargunak eta semeak utzitako testigantzei dagokienez, Auzitegi Nazionalak ez ditu fidagarritzat jo. Aspiazu identifikatu zuten bi senideek, hilketatik urte batzuetara, telebistan irudiak ikusi ostean.