Politika -

Mehatxuak sare sozialen bidez

Solanak (Geroa Bai) Twitter bidez jasotako mehatxuak salatu ditu

Zehazki, pistola automatiko bat tiroka ageri zen gif bat (animaziozko irudi bat) jaso du, eta Foruzaingoaren aurrean salatu du.

Maria Solana Kongresurako Geroa Baiko hautagaia. Argazkia: EFE
Maria Solana Kongresurako Geroa Baiko hautagaia. Argazkia: EFE
Maria Solana Kongresurako Geroa Baiko hautagaia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Solana Kongresurako Geroa Bairen hautagaiak Twitter bidez jaso dituen mehatxuak salatu ditu, eta Foruzaingoak ikerketa abiatu du. Testuinguru horretan, politikan "denak ez du balio" azpimarratu du, eta "faxismoa gelditzeko" beharra nabarmendu du.

Astearte honetan egindako agerraldian azaldu duenez, egun batzuk zeramatzan "onargarriak ez diren mezuak" jasotzen, baina, "seguruenik, sare sozialetan dagoenak onartu behar dituenak". Alabaina, azken kasu horretan, pistola automatiko bat tiroka ageri zen gif bat (animaziozko irudi bat) jaso zuen. Solanak esan duenez, "aurreko mezuekin alde nabarmena zegoen", eta, arrazoi horregatik, Foruzaingoaren aurrean salaketa jartzea erabaki zuen.

Geroa Baiko hautagaiak ziurtatu duenez, pertsona publikoak eta sare sozialak dituzten hautetsiak "mota guztietako iritziak jasotzeko prest" daude beti, eta, "gehienetan mezu horiek errespetuz eta tolerantziaz idazten dituzten arren, beste askotan ez dira hain onargarriak, hauteskunde-garaian, bereziki".

Ildo horretatik, "batez ere Voxek, eskuin muturreko alderdi espainiarrak, bultzatzen dituen hizkerak eta jarrerak onartezinak" direla esan du.

"Faxismoa gelditu behar dugu, ezin da onartu inork alderdi bat legez kanpo uztearekin mehatxu egitea, eta are gutxiago Voxek, eskuineko beste alderdiek erakundeetan sartzea errazten ari direla, inolako azalpenik eskatu gabe", esan du Solanak. "Ilegalizazioaz hitz egitetik, bidetik kentzeko prest egongo liratekeela ikusarazi nahi izatera alde handia dago, eta jarrera hori onartezina dela iruditzen zait", gaineratu du Geroa Baiko hautagaiak.

Horregatik, hasiera batean, salaketa publiko bat egitea erabaki zuen sare sozial horretan bertan, eta, ondoren, Foruzaingoaren aurrean salaketa aurkeztu zuen. Izan ere, egindakoa egitea gomendatu zioten foruzainek, eta, Solanak, sare sozialen bidez mehatxuak jasotzen dituen beste edonori aholku bera eman dio: "Portaera hori ezin da zigorrik gabe geratu".

Horren berri izan ostean, Nafarroako hainbat alderdi politikotako buruzagiek gaitzetsi egin dute gertatutakoa eta elkartasuna adierazi diote Solanari, Twitter bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Twitter Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Foruzaingoa Internet