Politika -
Batzar Nagusien osaketa
Lohitzune Txarola (Bildu), Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente
Alderdi guztiek akordioa lortu dute Mahaian ordezkariak banatzeko eta denek ordezkaritza izan dezaten.
Erredakzioa
Lohitzune Txarola Bilduko hautagaia aukeratu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente eta alderdi guztiek akordioa lortu dute Mahaian denek ordezkaritza izan dezaten.
Itun hori dela eta, Txarola, Eusko Alkartasunekoa, izan da Batzar Nagusietako presidentegai bakarra. Bigarren bozketan aukeratu dute gehiengo sinplez, Bilduren 22 batzarkideen eta Aralarreko bakarraren botoak jasota.
Eider Mendoza EAJkoa izango da lehenengo presidenteorde, Julio Astudillo PSE-EEkoa bigarren presidenteorde eta idazkaritzan egongo dira Iñigo Manrique (PP) eta Rebeka Ubera (Aralar).
Lehenengo bozketan gehiengo osoa behar zen presidente aukeratzeko eta 51 batzarkidek osatzen duten ganberan 23ren babesa soilik jaso duenez, bigarren bozketan izendatu dute Txarola presidente.
Lohitzune Txarola Donibane Lohitzunen (Lapurdi) jaio zen duela 33 urte eta Zuzenbidean lizentziaduna da, eta Bilduren zinegotzia Irunen.
Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun eta Ingurugiro Partehartzeko zuzendari izan zen Ingurugiro Saila EAren esku egon zenean eta Europako Parlamentuan aholkulari lanak egin zituen.
Txarola, Batzar Nagusien presidente gisa emandako lehenengo hitzaldian, gustura agertu da legegintzaldia alderdi guztien adostasunarekin hasi delako, eta "aro politiko berriaren" erakusgarri den "keinu txiki, baina adierazgarria" izan dela azpimarratu du.
Txarolak bakearen eta "normalkuntza politikoaren" alde lan egiteko konpromisoa hartu du, eta horretarako "indarkeria mota guztiak" desagertu behar direla salatu du, baita "mehatxuak, jazarpenak eta torturak" ere.
Eider Mendoza EAJren batzarkidea ere gustura agertu da osoko bilkuraren emaitzarekin eta legegintzaldi osoan alderdien arteko elkarlana sustatuko duela hitz eman du.
PSE-EEk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen ordezkari eta gaur arte bertako presidente izan den Rafaela Romerok karguan haren ordez arituko dena zoriondu du eta "zorterik onena" opa diola esan dio. Ondoren, hari eta haren taldeari, Bilduri, "ETAri desegin dadin exijitzeko" eskatu dio, bestela, haren "hitzak ez baitira sinesgarriak izango".
PPren bozeramaile Juan Carlos Canok EAJren gain jarri du&' || 'nbsp; Gipuzkoan hasi berria den "politika eta kudeaketa mailako erradikaltasunezko agertoki" honen erantzukizuna.
Azkenik, Aralar alderdiaren prokuradore Rebeka Uberak konpromisoa hartu du laguntza emateko " aldaketa" eragingarri izan dadin eta "desberdinen arteko" akordioak lortzeko lan egiteko.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek 15 laneguneko epea izango dute ahaldun nagusi bat aukeratzeko osoko bilkura deitzeko.