Politika -
Batzar Nagusien osaketa
Bildu Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaitik kanpo utzi dute
Bigarren indar bozkatuena izan bada ere, koalizio abertzalea kanpoan geratu da, EAJk bere hautagaiak babestu baititu eta PSE-EEk eta PPk botoak batu egin baitituzte.
Erredakzioa
Bildu Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaitik kanpo utzi dute, foru hauteskundeetan bigarren indar bozkatuena izan bada ere. Hain zuzen ere, EAJk hiru postu izango ditu Mahaian, eta PSE-EEk eta PPk bana.
Foru hauteskundeetan, EAJk 22 batzarkide lortu zituen, Bilduk 12, PSE-EEk 9 eta PPk 8.
Gernikako Juntetxean Bizkaiko Batzar Nagusiak osatzeko saioa egin dute gaur. Ahaldun nagusia, baina, aste batzuk barru aukeratuko dute.
Saioan, Ana Madariaga jeltzalea hirugarrenez jarraian hautatu dute Batzarretako presidente. Dena dela, aurreko agintaldian ez bezala, ez du gehiengo osoa lortu, EAJren 22 batzarkideek baino ez baitute babestu.
EAJk bere gehiengo sinplea inposatu du lehen presidenteordea eta idazkarietako bat bereganatzeko. PSEk eta PPk bat egin dute beste bi postuak lortzeko, eta ondorioz, Bildu kanpoan utzi dute.
Hori horrela, Koldo Mediavilla (EAJ) lehen presidenteorde izendatu dute, Begoña Gil (PSE-EE) bigarren presidenteorde, eta Jon Andoni Atutxa (EAJ) eta Carlos Olazabal (PP) idazkari.
Joseba Gezuraga Bilduko batzarkidearen iritzian, koalizioak Mahaian ordezkaririk ez izatea "akatsa" da, eta EAJk ez duela "zuzen" jokatu gaineratu du
Saio horren ostean, Batzar Nagusiek kargu bateraezintasunak aztertzeko saioa egingo dute, eta ondoren, ahaldun nagusia aukeratzekoa. Aurreikuspenen arabera, Jose Luis Bilbao jeltzaleak hartuko du berriz Bizkaiko Aldundia zuzentzeko ardura, kargua kentzeko PSEk, PPk eta Bilduk elkarrekin bat egin beharko bailukete.