Politika -
Moncloarako bidea
Hauteskunde orokorrak azarora aurreratzea aztertzen ari da Zapatero
Hainbat egunkariren arabera, udan enplegu datuak hobetuko direla aprobetxatu nahi dute sozialistek.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea, PSOEko zuzendaritza eta Alfredo Perez Rubalcaba sozialisten hurrengo presidentegaia hauteskunde orokorrak azaroko amaierara aurreratzea aztertzen ari dira, El Pais eta El Mundo egunkariek gaur jakinarazi dutenez.
Horien arabera, turismo eta ostalaritza arloko kontratazioak direla eta, udan enplegu datuek hobera egitea aurrez ikusi dute, eta hortaz, baliteke egoera horretaz baliatu nahi izatea hauteskundeak azaroaren 20an edo 27an egiteko.
Sozialisten ''ibilbide orria'' uztailaren 9an argitzen hasiko da, egun horretan PSOEren Batzorde Federalak Rubalcaba hautagai izendatuko baitu seguru aski.
PSOEko barne hauteskundeak
Bestalde, gaur eguerdian bukatuko da hauteskunde primarioetarako hautagaiak aurkezteko epea.
Guztira zortzi militante sozialista daude Rubalcabarekin lehiatu nahian, baina bakoitzak 22.000 abal lortu beharko ditu aurretik, hautagai bihurtu ahal izateko. Ez dirudi erraz lortuko dutenik.
Rubalcabak ez du izapide hori egin behar, PSOEren Batzorde Federalak izendatu baitzuen hautagai.
Hautagai izatekoa asmoa agertu duten gainerako sozialistak hauek dira: Jose Carlos Carmona (Sevilla), Manuel Perez (Puertollano), Luis Angel Hierro (Sevilla), Julian Pastor (Mostoles), Jose Martinez Peñaranda (Murtzia), David Gonzalez Sanchez (Esplugues de Llobregat), Juan Maria Hernandez Perez (Villaverde) eta Enrique Garcia Lopez (Santa Cruz Tenerifekoa).