Politika -
Auzitegi Nazionalean
Lidonen alargunak eta seme batek 'haren begiradagatik' identifikatu zuten Aspiazu
Astelehen honetan hasitako epaiketan, biek azaldu dute telebistako irudi batzuen bidez ezagutu zutela, hamar urteren buruan. Fiskaltzak Asier Arzalluzentzako zigor-eskaera kendu du.
Agentziak | Erredakzioa
ETAk 2001ean tiroz erail zuen Jose Maria Lidon epailearen alargunak eta semeetako batek (Getxoko haren etxeko garajean hil zuten) azaldu dute Garikoitz Aspiazu Rubina ETAko buruzagi ohia identifikatu zutela haren hiltzaile gisa telebistako irudi batzuk ikusiz, "haren begiradagatik". Astelehen honetan hasi dira epaitzen, Auzitegi Nazionalean, Aspiazu; Fiskaltzak 30 urteko espetxe-zigorra eskatu du, harentzat.
Aspiazurekin batera, Asier Arzalluz Goñi ere izan da saioan; Fiskaltzak, hasiera batean, eskari hori bera zuen Arzalluzentzat, baina, azkenean, erabaki du akusazio hori kentzea. Asteartean azalduko du zergatik, behin betiko ondorioak azaltzean.
Asteleheneko saioan, bereziki, Aspiazuren identifikazioa izan dute aztergai. Bi akusatuek erabaki dute euren abokatuaren galderei soilik erantzutea; Aspiazuk ziurtatu du ez zegoela Bizkaian hilketa gauzatu zenean.
Epailearen alargunak azaldu du 2008an identifikatu zuela Aspiazu, telebistan ikusiz; "haren begiradagatik" konturatu omen zen senarraren heriotzaren errudunetako bat zela.
"Elkarri begiratu genion, eta esan genuen: 'Horixe da'. Haren begirada oso sartuta dut", esan du Galarragak, eta gehitu du ikusi zuenean “berriro” bizi izan zuela dena.
"Erabat ziur"
Epailearen emazteak esan du "erabat ziur" dagoela identifikazioarekin; ofizialki, 2016an ezagutu zuen, baina esan du senarrarekin zihoan kotxetik ikusi egin zuela lehen aldiz. Gerora, semearekin besarkatuta zegoela ere ikusi zuen, erasoa gauzatuta.
Semeak, nolanahi ere, zehaztu du identifikazioa 2011n izan zela. Azaldu du baliteke haren ama nahastu izatea, Aspiazu 2008an atxilotu zutelako; baina hori ezagutzeko irudiak ikusi zituztenean, 2011n izan zen, hiru urteren buruan, Espainiari lehen aldiz entregatu ziotenean.
Alargunak, halaber, azaldu du ezin izan zuela ezagutu hiltzaileak atentatuaren osteko egunetan; izan ere, Poliziak ehunka argazki erakutsi zizkion, baina bera “izu-egoeran” zegoen orduan: "Nire izena esateko ere ez nintzen gai", egun haietan, azpimarratu du.
"Pilula asko nituen barruan; ez zein unerik egokiena inor identifikatzeko", berretsi du.
Itxurazko kontraesan horien harira, akusatuen defentsak senideen testigantza zalantzan jarri dute; galdetu diotenean zergatik ez ote zuten esan aurreko agerraldietan Aspiazu identifikatuta zutela, Galarragak erantzun du inork ez ziela galdetu horren gainean.
Amak eta semeak bazuten emana adierazpena, epailearen erailketagatik, bi aldiz: bata izan zen 2005eko azaroan, Orkatz Gallastegi ETAko kidea epaitu zutenean; 26 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, ETAri Lidonen gaineko informazioa eman izateagatik. Bigarrena Urtzi Murueta ETAko kidea epaitu zutenean izan zen; leporatzen zioten epaileari jarraipena egitea agindu izatea, baina absolbitu egin zuten, frogarik ez baitzegoen.
Arzalluzentzako zigor-eskaria kendu dute
Atentatu honen gaineko inteligentzia-txostenak egin dituzten Guardia Zibileko agenteek, berriz, babestu dute Aspiazuk edo Arzalluzek soilik egin ahal izan zutela erailketa; izan ere, garai hartan ez zegoen helburu bat tiroka hiltzeko gaitasunik zuen beste liberaturik.
Dena den, lekukoek ez dute identifikatu Arzalluz Lidonen hilketaren arduradun gisa, eta saioan azaldu den inork ez du kokatu erailketa gertatu zen lekuan; hortaz, fiskalak akusazioa kentzea erabaki du (30 urteko kartzela-zigorra zen).
Epaiketa asteartean geldituko da epaiaren zain, akusazioen eta defentsaren behin betiko txostenekin.