Politika -

Gipuzkoako udalerri nagusiak

Luzaroan alkate sozialista izan duten herriak hartu ditu Bilduk

20 urte baino gehiagotan gobernu sozialistak agindu ondoren, Lasarten eta Errenterian Bilduko alkateak izango dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lasarte-Oriako EAJko bi zinegotziek eta PCLO plataforma independentekoek Bildurekin bat egin dute, PSEko hautagaiari Alkatetza kentzeko. Azken orduko akordio bati esker, Bilduko Pablo Berrio izendatu dute herriko alkate.

Errenterian, Gipuzkoako hirugarren udalerri jendetsuenean, Bilduko Julen Mendozak izango du agintea, 28 urtetan alkate sozialistak izan ondoren. Udal bilkuran, Mendozak Bilduko zortzi zinegotzien eta EBkoen babesa lortu du, EAJko hiru zinegotziek zurian bozkatu duten bitartean. PSE-Eek (7) eta PPk (2) Juan Carlos Merino lehengo alkatearen alde bozkatu dute.

Andoainen, berriz, Bilduko Ana Maria Karrerek izango da Alkatetzan. EAJko hiru zinegotziek boto zuria eman dute. Estanis Amutxastegi azken alkateak (PSE) bere alderdiko sei zinegotzien eta PPkoaren botoak jaso ditu.

Jose Antonio Santano Iruneko alkateak hirugarren legealdia beteko du Gipuzkoako herriko udalean PSE-EEko bederatzi zinegotzien botoak lortuta. Maiataren 22an lortutako garaipen zabalari esker, sozialistek ez dute PPren bost zinegotzien babesa behar izan. Popularrek, EAJk (5), Bilduk (5) eta EBk (1) bakoitzak bere hautagaiari eman dizkio botoak.

Tolosan, berriz, Bilduko Ibai Iriarte San Vicente izendatu dute alkate. 28 urteko gazteak EAJko Jokin Bildarratzen lekua hartu du; Bildarratz Tolosako alkatea izan da azken zortzi urteetan. Bilduk zortzi zinegotzi ditu eta gehiengo osoarekin aginduko du. EAJren zazpi zinegotziek Bildarratzi eman diote botoa eta Jose Ignacio Asensio sozialisten ordezkari bakarrak bere buruari eman dio botoa.

Miguel de los Toyos sozialista Eibarreko alkate izendatu dute bere alderdiaren babesa jasota. Alkateak bederatzi boto izan ditu. Gainontzeko alderdiek euren hautagaien alde egin dute: Bilduren sei botoak Igor Aldalur hautagaiak jaso ditu, EAJren lauak Eva Juezek eta PPren biak Carmen Larrañagak. Zenbaketaren ostean, Miguel de los Toyosek ez du gehiengo osoa lortu baina zerrenda bozkatuena izanda, agintea berak eskuratu du.

Beasainen, berriz, Bilduko Koldo Agirrek aginduko du, alderdikideek emandako zazpi botoei esker. Aitor Aldasoro EAJko zerrendaburuak ez du PPko zinegotziaren babesa izan; Bilduk, aldiz, Aralarreko ordezkariaren botoa jaso du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea