Politika -
Udalen osaketa
EAEko eta Nafarroako udalen osaketa jarraitzeko gida
Donostian 09:00etan osatuko dute Udala, Bilbon 12:00etan, Gasteizen 13:30ean eta Iruñean 18:30ean.
I.G.
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako udal guztiak larunbat honetan osatuko dira. Udal bakoitzeko zinegotziek, osoko bilkuretan, herri bakoitzeko alkate berriak aukeratuko dituzte. Gehiengo absolutua lortzen ez badute, boto gehien lortu dituen alderdiaren zerrendaburua bihurtuko da alkate.
Hiriburuetan ez da ezuste handirik gertatuko, batez ere Bilbon. Iñaki Azkuna (EAJ) izango da berriro Bilboko alkatea, gehiengo absolutua lortu ondoren. 1999. urtetik da Azkuna Bilboko alkate.
Begi guztiak Donostian jarrita egongo dira. Seguruenik Bildu koalizioko hautagaia, Juan Carlos Izagirre, izango da Gipuzkoako hiriburuko alkate berria. Odon Elorza sozialistak 20 urte eman ditu Donostiako alkate lanak egiten. PSEk, PPk eta EAJk ituna adostu beharko lukete gehiengo absolutua lortzeko. Ernesto Gasco alkategai sozialistak PPko zinegotzien eta EAJko zinegotzi baten babesa beharko luke alkatetza eskuratzeko.
Gasteizen, Javier Maroto popularrak Patxi Lazcoz sozialistari alkatetza kenduko dio. Arabako hiriburuan PPk irabazi ditu hauteskundeak, 9 zinegotzi lortuta. Marotok gehiengo absolutua izango du, PSEren botoei esker. EAJko Alvaro Iturritxa Gasteizko Udalera bueltatuko da, 12 urte beste lan batzuetan eman ondoren.
Iruñean, UPNk hiru zinegotzi gehiago behar ditu gehiengo absolutua lortzeko. Beraz, PPren bi ordezkarien babesarekin ez du nahikoa izango, eta litekeena da PSNrekin ituna sinatzea. Uxue Barkos Iruñeko alkate izateko aukera bakarra oposizio guztiaren babesa lortzea litzateke (PP kenduta).
Arabako aldaketa nagusiak
Arabako udal askok aldaketak izango dituzte larunbatetik aurrera. Laudion, baliteke Bildu koalizioko Natxo Urkijok EAJri alkatetza kentzea. Orain zortzi urte jeltzaleek ezker abertzaleari kendu zioten Laudioko alkatetza. Oraingoan Bilduk boto gehiago lortu ditu, baina EAJk bezala, 6 zinegotzi besterik ez du izango. PSEk, PPk eta Omnia plataformak izango dute alkatetza Bilduri edo EAJri emateko azken hitza.
Amurrion, EAJk eta Bilduk zinegotzi kopuru bera (7) lortu dute, baina, kasu honetan, jeltzaleek boto gehiago eskuratu dituzte, eta ez dute arazorik izango Josune Irabien alkate izendatzeko, PPk eta PSEk ez dutelako Bilduren aldeko botorik emango. Horrela, EAJk Amurrioko alkatetza berreskuratuko du. Azken 24 urteetan Pablo Isasi (EA) izan da bertako alkatea.
Agurainen, Bilduk gehiengo absolutua lortu du, zazpi botoko aldearekin. 6 zinegotzi izango ditu; EAJk, berriz, 5. Maider Garcia de Vicuña izango da Aguraingo alkate berria, Iñaki Beraza ordezkatuz.
Arabar Errioxan, PPk hainbat udal berreskuratu ditu. Bastidan eta Guardian gehiengo absolutuarekin gobernatuko dute, eta Oiongo alkatetza ere lortu dute (orain arte EAJren eskuetan egon da).
Bizkaiko aldaketa nagusiak
Bizkaian, Ezkerraldeko datuek ikusmira sortu dute, PSEk agintea galdu baitu bereak ziren hainbat udaletan. Barakaldon, adibidez, PSEk hiru zinegotzi galdu ditu eta, legealdi honetan, zortzirekin arituko da. Hala ere, Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkate izendatuko dute, PPren babesa (5 zinegotzi) jasota. EAJko (7 zinegotzi) alkategaiak ezingo du gehiengo absolutua lortu, nahiz eta Bilduren (5) eta EBren (1) babesa izan.
Portugaleten antzeko egoera izango da. PSEko 8 zinegotziek Mikel Torresi emango diote alkatetza. PPk babesa ematekotan, gehiengo absolutuarekin gobernatuko dute gainera.
Sestaon, EAJk alkatetza berreskura dezake, baina beharrezkoa du Bilduren babesa (3 zinegotzi) lortzea. Jeltzaleek eta PSEk zinegotzi kopuru bera (8) lortu dute, baina PPren bi zinegotziek ez diote PSEri gehiengo absolutua emango.
Santurtzin, EAJko Ricardo Ituartek alkate lanetan jarraituko du. Gehiengo absolutuarekin gobernatuko du, azken lau urteetan bezala.
Imanol Landak (EAJ) ere karguan jarraituko du. Bilduk (4) EAJri gehiengo absolutua eman diezaioke. PPko Marisa Arrue ez da Getxoko alkatea izango, nahiz eta 9 zinegotzi lortu dituen. PSEk 2 ordezkari besterik ez du lortu.
Basaurin, EAJk (8) alkatetza kendu dio PSEri (7). Ondorioz, Andoni Busquet-ek Loly de Juan ordezkatuko du. Jeltzaleek gehiengo absolutua lortuko dute, Bilduren babesa (3) jasoz gero.
Elorrion, Bilduk 6 zinegotzi eta EAJk baino 200 boto gehiago eskuratu ditu. Carlos Garcia PPko zinegotziak, baina, EAJren aldeko botoa emango duela iragarri du dagoeneko. Ondorioz, Ana Otadui jeltzalea izango da alkate berria. Azken urteotan EAE-ANVko Niko Moreno izan da Elorrioko alkatea.
Bermeon, Bilduk 9 zinegotzi eskuratu ditu, eta EAJk 8. Orain lau urte kontrakoa gertatu zen, eta 2007ra arte EAko Juan Karlos Goienetxe izan zen alkatea. Bermeoko alkate berria Idurre Bideguren izango da.
Bilduk Ondarroako alkatetza ere lortu du. Orotara 9 zinegotzi izango ditu koalizioak eta EAJk, berriz, 4 eserleku.
Zallako alkatetza Aralarrentzat izango da (7 zinegotzi lortu ditu). Gehiengo absolutuarekin gobernatuko du, eta egungo alkatea (EAJ) oposizioan egongo da, 20 urtez Zallako agintaria izan ondoren.
Gipuzkoako aldaketa nagusiak
Gipuzkoan, Bilduk gehiengo absolutua lortu du herri gehienetan: 88 herrietatik 44tan modu horretan irabazi du koalizioak. Horrez gain, beste 12 herritan ere irabazi du.
Errenterian ere koalizioak irabazi du eta litekeena da Bilduko hautagaia alkate izatea. PPren eta EBren zinegotzien babesaz gain, EAJren zinegotzi batena beharko du PSEk alkatetza lortzeko.
Andoainen gauza bera gertatzen zaie sozialistei. PSEk (5) EAJren babesa (3) beharko du Bilduri (7) alkatetza kendu eta Estanis Amutxastegi karguan mantendu ahal izateko.
Tolosan litekeena da Bilduk (8) EAJri (7) alkatetza kentzea. Azken zortzi urteetan Jokin Bildarratz (EAJ) izan da Tolosako alkatea. Kargua mantentzeko PSEren eta Aralarren babesa eskuratu beharko du Bildarratzek.
Zarautzen Bilduko (9) alkatea izango dute, EAJk (6) hautagaia aurkeztu eta PSEren (3), EB-Aralarren (2) eta PPren (1) babesa lortzen ez badu.
Beasainen, Bilduk eta EAJk 6na zinegotzi lortu dituzte, baina jeltzaleek boto gehiago dauzkate. EAJk beste hiru zinegotziren babesa beharko du Bilduri alkatetza kentzeko.
Getarian azken hitza Aralarrek (1) izango du. Bilduk (5) boto gehiago izan baditu ere, EAJren zinegotzi kopuru bera (5) eskuratu du.
Hondarribian, EAJk (8 zinegotzi) irabazi du eta Aitor Kerejetak alkate izaten jarraituko du, Bilduk, PSEk, H1!k eta PPk beste hautagai bat bozkatzen ez badute.
Irunen, PSEk 9 zinegotzi eskuratu ditu (hiru galduta), eta Jose Antonio Santanok alkate izaten jarraituko du.
Zumarragan, PSEko Mikel Serranok hiru zinegotzi galdu ditu (8 ditu orain), baina alkate izaten jarraituko du, Bilduk hautagaia aurkeztu eta EAJren eta PPren babesa lortzen ez badu. Eibarren gauza bera gertatu da. PSEk (9) gehiengo absolutua galdu du, baina alkatetza mantenduko du, Bilduk (6), EAJk (4) eta PPk (2) bat egiten ez badute.
Sozialistek Lasarteko alkatetza galduko dute. PSEk 7 zinegotzi lortu ditu eta PPk bakarra. Bilduk (5), EAJk (2) eta PCLOk (2) bat egingo dute, Bilduren hautagaiaren alde egiteko.
Lizartzan Bilduk lortu ditu ordezkaritza izango duten 7 eserlekuak.
Nafarroan ere, aldaketak
Nafarroako 250 biztanletik gorako 101 herritan badakite nor izango duten alkate datozen lau urteetan, alderdi bakarra aurkeztu delako edo alderdi batek gehiengo absolutua lortu duelako.
Antsoainen, PSNk (6) eta UPNk (2) ez dute gehiengo absolutua lortu, Antonio Gila alkatetzan mantendu ahal izateko. Bilduk (4), NaBaik (3) eta Nk (2) bat egiten badute, alkatea Bilduko Ander Oroz izango da.
Barañainen, UPNk (7 zinegotzi) irabazi ditu hauteskundeak, eta, PSNrekin ituna adostekotan, alkatetza bermatuta izango du. Beste aukera bat, NaBaik (4), PSNk (4), Bilduk (3) eta Nk (2) beste hautagai bati babesa ematea litzateke. PPren botoa ez da erabakigarria izango.
Berriozarren, NaBaik (4) Xabier Lasa mantendu ahal izango du, Bilduren babesa (3) jasotzekotan. Gainerako alderdiek ez dute aukerarik izango.
Lizarran UPNk gobernatuko du, 7 zinegotzi lortu baititu. PSNren babesak (2) gehiengo absolutua emango lioke.
Lesakan Bilduk EAJri irabazi egin dio, eta gehiengo absolutuarekin gobernatuko du. 6 zinegotzi eskuratu ditu koalizioak eta 5 zinegotzi lortu dituzte jeltzaleek.
Tuteran, UPNk (8) lortu du alkatetza, PSNk (5), Ezkerrak (4) eta PPk (4) itunik adosten ez badute, behintzat.