Politika -

Jantokiak

Eskola-jantokien sistema hobetzeko arau berria eskatu du Eusko Legebiltzarrak

Hezkuntza-zentro publikoek jantokiak modu berriztatzaile eta deszentralizatuan kudeatzea ahalbidetzen duen sistema bat galdegin du Ganberak.

Legebiltzarrak sistema berri baten aldeko apustua egin du. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Legebiltzarrak sistema berri baten aldeko apustua egin du. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Legebiltzarrak sistema berri baten aldeko apustua egin du. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari zehazteko eskatu dio, lau hilabeteko epean eta araudi berri batean, eskola-jantokien egungo sistemarentzako "aldaketak eta hobekuntzak". Aldaketa eta hobekuntza horien xedea hezkuntza-zentro publikoek jantokiak modu berriztatzaile eta deszentralizatuan kudeatzea ahalbidetzea litzateke.

Talde guztiek, Eusko Jaurlaritzan daudenek barne (EAJk eta PSE-EEk), babesa eman diote Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozio bati, zeinean jasota dagoen eskakizun hori.

Aho batez onartu dute Legebiltzarreko osoko bilkuran. Ganbera horrek berak, duela egun batzuk, ikerketa-batzordearen txostena onartu egin zuen oposizioaren botoekin. Bertan, lau Hezkuntza sailbururi "gelditasuna" egozten diete, horiek ez baitzioten erantzunik eman zerbitzu esleipendun batzuen arteko prezio-adostasunaren zantzuei.

Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Sailak hilabeteak daramatza lanean, tartean dauden hezkuntza-eragileekin batera, Gurasoen Elkarteek jantokien kudeaketa euren gain hartzea ahalbidetzen duen eredu bat zehazteko, zentroek hala erabakiz gero.

"Aldaketak eta hobekuntzak"

Onartutako testuaren bidez, Ganberak adierazten du egungo sistemak "aldaketak eta hobekuntzak" behar dituela, esleipen-prozedurei, gardentasunari eta kontrolari dagokienez. Halaber, beharrezkotzat jotzen du sistema osagarri baten "oinarriak zehaztea", "kudeaketa berriztatzaile eta deszentralizatuaren aldeko apustua egiten duten eskola-zentroek aukera bideragarriak izateko" helburuarekin.

Horretarako, Hezkuntza Sailari analisia egiteko eskatu dio, lau hilabeteko epean eta hezkuntza-komunitateko eragileekin elkarlanean, balizko deszentralizatutako kudeaketa-ereduen gainean.

Analisian, ziurtatu beharko dute zerbitzu publikoaren izaerari eutsiko diotela jantokiek eta eskola-zentroetzako jantokien kudeaketa bideragarria dela, ikuspuntu teknikoa, juridikoa eta administratiboa kontuan izanik eta tokiko erakundeekin elkarlanean.

Lau hilabeteko epe horretan, Hezkuntza Sailak eta sektoreko eragileek informazio-prozesua egin beharko dute, zerbitzuaren kontratazio-agirien oinarri tekniko berriak komunean jartzeko, agiri horiek babes ahalik eta handiena izan dezaten.

Epe hori amaituta, Jaurlaritzak jantokien araudi berria egin eta onartu beharko luke, 2020-2021 ikasturterako, hezkuntza-komunitateak kontsultatu ahal izan dezan. Araudi horrek zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatu beharko lituzke, bai eta langileen lan-baldintzak ere.

Ganberak, halaber, Hezkuntza Sailari bermatzeko eskatu dio sukaldeak egingo dituztela sistema hori nahi duten eskoletan; horrela, erabaki ahal izango dute zein zerbitzu-mota eskaini nahi duten.

Alderdien iritzia

Elkarrekin Podemoseko Jose Ramon Becerrak babestu duenez, "herrialde honek jantokien sistema hobe bat merezi du, bai ala bai". Halaber, berretsi du egungo sistema aldatzea "umeentzako, ingurumenerako eta ekonomiarako beharrezkoa" dela.

Hortaz, apustua egin du "Euskadiko kultura gastronomikoarekiko harrotasuna sortzen duen" eredu baten alde, auzoetan sustraitutako sistema baten alde, ziurtatzeko horixe dela "herrialde honek eskaintzea duen onena".

Irune Berasaluze EAJko legebiltzarkideak zehaztu du beste kudeaketa-eredu batzuk aztertzeak ez duela esan nahi egungoa ona ez denik, "baizik eta, bizitza honetan gainerako guztiarekin gertatzen den legez, hobetu ahal dela".

EH Bilduko Eva Lopez de Arroyaberen iritziz, gaur egungo eredua "zaharkituta" dago, eta ostegun honetarako "akordio ona" bete behar da: "Herrialde-itun bat, gai honetan, ezin da eztabaidatu", esan du.

PSE-EEren aldetik, Jose Antonio Pastorrek uste du akordioak "sistema zorrotzagoa egitea" ahalbidetuko duela; halaber, Pastorren esanetan, zentro batzuek bultzatutako deszentralizatutako kudeaketaren esperientzia pilotuak adibidea izan daitezke beste batzuentzat.

PPko Carmelo Barrioren iritziz, azkenik, onartutako ekimenak ikerketa-batzordearen eragin "berriztatzaileei" heltzen die. Era berean, berretsi du oso garrantzitsua dela "egungo sistemak hobekuntzak behar dituelako" ideia talde guztien babesekoa izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak bideoak EH Bildu PSE-EE albisteak PP Araba Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hezkuntza sistemako albisteak Haurtzaroa albisteak