Politika -
Ituna
PSE eta PP batu egingo dira erakundeetan agintzeko
Udaletan eta aldundietan, gobernatzeko aukera dutenetan, bi alderdietako zerrenda bozkatuenaren alde joko dute. Bilduk eta EAJk duten itun "klandestinoari" aurre egiteko tresna izango omen da.
Erredakzioa
PSE-EEk eta PPk botoak batuko dituzte hautagai bozkatuenaren alde gobernatzeko aukera duten udal eta aldundietan, Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak iragarri duenez. EAJk jarrera aldatzen ez badu, horrela erantzungo omen diote jeltzaleek eta Bilduk duten "itun klandestinoari".
Pastorrek Eusko Legebiltzarrean eman du erabakiaren berri, bi alderdiek itunei buruz hitz egiteko egin duten bileraren ondoren.
Buruzagi sozialistaren arabera, jeltzaleek udalen eta erakundeen "egonkortasuna" bermatzeko aukera galdu du Bildu baztertzeko proposamena atzera botata.. Dena dela, ekainaren 11n udalak eratzen diren arte EAJri ateak zabaltzen dizkiotela zehaztu du.
Pastorrek gogor kritikatu du EAJk eta Bilduk duten "itun klandestinoa" udalak eta aldundiak haien artean "banatzeko". Egoera horren aurrean, eta jeltzaleen jarrera aldatzen ez bada, PSE-EEk eta PPk kasuan kasu boto gehien jaso duen alderdiaren alde botoa emateko konpromisoa hartu dute.
Azaldu duenez, "zerrenda bozkatuena PSE-EErena denean, PPren hautagaiek haren alde bozkatuko dute edo abstenitu egingo dira". Era berean, Araban (Aldundian eta Gasteizen PP izan da bozkatuena) sozialistek ez dute hautagairik aurkeztuko hiriburuan, eta Javier de Andres popularra ahaldun nagusi izan dadin sozialisten botoak beharrezkoak badira, haren alde bozkatuko dute.
Udalbiltza
Bilduri dagokionez, Udalbiltza "berpizten" saiatzen ari dela salatu du Pastorrek. "Lizarraren antzeko zerbaiten usaina hartzen diot eta badirudi EAJ bide horretatik doala", gaineratu du.
Egoera horren aurrean, EAJri "zentzuz" jokatzeko deia egin dio, eta bat egin dezala PSE-PP itunarekin erakundeen "egonkortasuna" bermatzeko. Bilduk Donostiako Udala eta Gipuzkoako Aldundia lortzen baditu "ardura bakarra EAJrena" izango dela berretsi du.
Basagoiti
Antonio Basagoiti PPren buruzagiak "koherentzia" eta "Bilduren gobernuak ez errazteko" eskatu dio EAJri, "ETAk egin dituen ia 900 hilketen gaitzespen argirik ez dagoen bitartea".
"Ez du balio errefusez edo beste indarkeria batzuez hitz egiteak, zeren ez baita gauza bera Poliziak atxilotzea eta norbait hiltzea", ohartarazi du.
Elorrio
Elorrion PPk EAJren aldeko botoa emango duela iradoki du, izan ere, bestela Bilduk aginduko du, PSE-EEk ez abitu ordezkaririk.
Arabako Aldundia
Arabako Aldundiari dagokionez, Basagoitik esan du ez dutela galdutzat ematen erakundea, baina aitortu du EBren botoak oso garrantzitsuak izango direla Javier de Andresek (PP) ahaldun nagusi izateko aukerak dituen ala ez jakiteko.