Politika -

Aldaketak

Miguel Buen izango da Herrizaingo Saileko 'bigarrena'

PSEren Gipuzkoako ahaldun nagusigaia Segurtasun sailburuorde izendatuko du Rodolfo Aresek, Rafael Iturriagaren ordez. Isabel Celaak esan du "pisu politiko handiagoa" emango diola Herrizaingo Sailari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak aldaketa garrantzitsuak egin ditu Saileko zuzendaritzan, eta, besteak beste, Miguel Buen sailburorde izendatu du, Gasteizko Gobernuak baieztatu duenez.

Hain zuzen ere, PSE-EEren Gipuzkoako ahaldun nagusigaia Segurtasun sailburuodea izango da, Rafael Iturriagaren ordez.

Buenek profil politiko nabarmena dauka, eta eskarmentu handiko kudeatzailea da. Herrizaingo Saileko zuzendaritzaren eta sindikatuen artean tira-bira handiak dauden honetan egingo da Rodolfo Aresen ''bigarrena'', eta haren erronka nagusietako bat Ertzaintzaren erreforma izango da, indarkeriarik gabeko arora begira.

Bere aldetik, Iturriaga duela bi urte izendatu zuten Segurtasun sailburuorde. Lehenago, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidente izan da.

Atzo, Jaurlaritzak irgarri zuen Ernesto Martinez de la Hidalga Herrizaingo Saileko sailburuordea ere ordezkatuko dutela , eta Nelida Santos Diaz Kudeaketa Ekonomikoaren eta Azpiegituren zuzendariak hartuko duela haren lekua.

"Pisu político handiagoa" emango du

Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak adierazi du Buenek "pisu politiko handiagoa" emango diola Herrizaingo Sailari.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Celaak esan du Gobernuaren lana "gogorra eta tirabiratsua" dela, batik bat sail batzuetan, "Herrizaingoan eta Hezkuntzan", kasu.

Horren ildotik, Hezkuntza sailburuak nabarmendu du Buen "politikari ona" dela eta "beti" lortzen dituela helburuak. "Ziur nago lan bikaina egingo duela sailburuorde gisa", gaineratu du.

"Gipuzkoan izan ezik, ez da oso pertsona ezaguna, baina zeregin guztiak ondo egin ditu", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea