Politika -

Katalunia

Elkarretaratze baketsu batekin itxi dute 'proces'aren epaiaren aurkako protesta astea

Lasaitasuna itzuli da Kataluniako kaleetara, astebeteko istiluen ondoren. Egunotan, 600 bat pertsona zauritu dira, besteak beste, begia galdu duten lau manifestari.

Eserialdi baketsua Espainiako Poliziak Bartzelonan duen egoitza nagusiaren aurrean. Argazkia: EFE
Eserialdi baketsua Espainiako Poliziak Bartzelonan duen egoitza nagusiaren aurrean. Argazkia: EFE
Eserialdi baketsua Espainiako Poliziak Bartzelonan duen egoitza nagusiaren aurrean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

‘Proces’aren epaiaren aurkako protesta eta mobilizazio eguna izan dute igandean Katalunian, eta, zazpi egunetan lehen aldiz, ez da istilurik izan manifestarien eta Poliziaren artean.

Independentistek protesta ekitaldi ugari deitu dituzte iganderako Bartzelonan, Sabadellen, Mataron, Lleidan eta Gironan, eta guztiak modu baketsuan eta istilu nabarmenik gabe amaitu dira.

Hortaz, lasaitasuna itzuli da Kataluniako kaleetara, bereziki Bartzelonara, astebeteko istiluen ondoren. Egunotan, 600 bat pertsona zauritu dira, besteak beste, larri dagoen polizia bat eta begi bat galdu duten lau manifestari. Horrez gain, 2,5 milioi eurotik gorako kalteak eragin dituzte hirian, eta 28 pertsona espetxera bidali dituzte.

Bartzelonan, 2.700 pertsonak Errepublikaren aldeko piknik bat egin zuten atzo, eta paperez betetako zabor-poltsak jaurti zituzten Espainiako Gobernuak Bartzelonan duen Ordezkaritzaren egoitzako segurtasun-perimetroan, eraikin hori "zabortegia" dela irudikatzeko asmoz.

Centenares de personas arrojan bolsas de basura ante Delegación del Gobierno

Manifestariek jaurtitako zabor-poltsak. Argazkia: EFE

Ekitaldia amaituta, ehunka manifestarik Via Laietanara joatea erabaki zuten, eta eserialdi baketsua egin zuten bertan, Espainiako Poliziak Bartzelonan duen egoitza nagusiaren aurrean.

Astelehenean hasi ziren 'proces'ari buruzko epaiaren aurkako protestak, Bartzelonako aireportuan, baina lehen istiluak gauean izan ziren, manifestarien eta Poliziaren artean.

Ondorengo egunetan, manifestariek mobilizazio jendetsuak egin dituzte Bartzelona erdigunean, baina gauez kaosa nagusitu da, zenbait taldek ehunka edukiontzi erreta eta Poliziarekin liskarrak izanda.

Bart, berriz, tentsioak behera egin du Bartzelonan, istilurik gabeko lehen protesta egunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Kataluniako prozesua zuzenean