Politika -

Lan-gatazka

Bizkartzainek Rubalcabaren eta Aresen 'mespretxua' salatu dute

"Erakundeengandik jaso dugun etengabeko mespretxuak gure duintasuna eta eskubideak babesteko ekintzak egiteko aukera aztertzera eraman gaitu", Nafarroako eta EAEko eskoltek salatu dutenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko eta Nafarroako bizkartzainek salatu dute Herrizaingo Sailak eta Barne Ministerioak "mespretxatu" egin dituztela, eta ondorioz, "gure duintasuna eta eskubideak babesteko ekintzak egiteko aukera" aztertzen ari direla.

EAEko eta Nafarroako bizkartzainen elkarteak agiri batean azaldu duenez, terrorismoa bukatu egin behar da "erabateko askatasuna gure herrietara eta hirietara iristeko". "Hori dela eta, bizkartzainok, nahiz eta babesten ditugun erakundeen etengabeko erasoen biktima izan, gure postuetan jarraituko dugu", gaineratu dute.

Argi adierazi nahi izan dute bizkartzainek ez dutela "lehentasunezko tratua" jaso nahi, baina egungo egoerak kolektiboaren etorkizuna argitzea eskatzen duela uste dute. Izan ere, "oso zaila" omen da haien egoera, "herrietan eta hirietan erradikalek identifikatuta" daudelako, eta ez dutelako "gure inguruko lanpostuak lortzeko aukerarik".

Hori horrela, Herrizaingo Sailak eta Barne Ministerioak "tratu txarra" ematen dietela salatu dute. "Erakundeen mespretxuak eta desinformazioak lehen aldiz gure duintasuna eta eskubideak babesteko ekintzak egiteko aukera aztertzera eraman gaitu", ohartarazi dute.

Idoia Mendiaren erantzuna

Bizkartzain zerbitzuaren murrizketen inguruan, "mundu guztiak bere segurtasuna bermatuta izango" duela esan du Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak. "Horrek ez du esan nahi mundu guztiak eskolta eraman behar duenik", gaineratu du.

Idoia Mendiak ez du baieztatu bizkartzain zerbitzuaren murrizketa onartu egin denik, baina, era berean, erabaki hauek "egoera ondo aztertuta" hartzen direla gogoratu du, "segurtasuna oinarri hartuta".

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bizkartzain elkarteek iragarritako protesten aurrean "errespetua" eskatu du Mendiak.Gogoratu duenez, "hiritarren eta kargu publikoen segurtasuna bermatzea" Jaurlaritzaren helburu nagusietako bat da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea