Politika -
Udalen osaketa
Bildu 'bakea lortzen' saiatuko da Gipuzkoako Foru Aldundian
Gipuzkoako Aldundian gobernatzea lortzen badute, hori izango da ezker abertzalearen "helburu nagusienetariko" bat; "itxaropen eta ilusio" unean.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusirako Bilduko hautagaiak Donostian azaldu duenez, bere alderdiak EAEn "bakea, demokrazia eta normalizazio politikoa" lortzen saiatuko da Foru Aldundian gobernatuz.
Gipuzkoako Aldundian gobernatzea lortzen badute, hori izango da ezker abertzalearen "helburu nagusienetariko" bat, maiatzaren 22ko hauteskundeetan Gipuzkoan boto gehien jaso zuten alderdia izan ostean. Garitano Donostian aurkeztu ditu alderdiko programaren oinarri nagusiak.
Garitanoren hitzetan, Bildu, halaber, "krisiari irtenbideak bilatzen" saiatuko da "ongizatearen garapenaren barruan eta pertsona guztien eskubideak sustatuz".
Euskadin "aro berri bat" eta "itxaropen eta ilusio garai berri bat" zabaldu dela esan du Garitanok; ildo horretan, "alderdiaren lehen ardura izango da bakea eta normalizazioa lortzeko ekimena hartzea eta alderdi politiko eta giza eragile guztiak batzea", esan du.
Horretarako "zentzuzko ikuspegia" aurkeztuko dute, "erabakitzeko eskubidea duen erkidego nazional batean oinarritua"; halaber, "pertsona eta proiektu politiko guztiak, salbuespenik eta mehatxurik gabe, eztabaidan eta erabakiak hartzen parte hartzea" proposatu dute.
Garitanok "era guztietako erasoak behin betiko desagertzeko" eskatu du, "jarrera edo ideologia politikoaren ondorioz eman daitezkeen mehatxuak, presioak, jazarpenak, atxiloketak eta torturak barne".
"Lanpostuak mantentzea eta enplegu berriak sortzea helburu nagusienetariko bat izan behar da Gipuzkoan", adierazi du Garitanok; horretarako, "gizarte zerbitzuetan edo energia berriztagarrietan oinarritutako enplegu hobi berriak sustatu behar ditugu". Era berean, enpleguaren banaketa handiago bat, eta autoenplegu bide berriak, zein enpresa txiki eta ertainei laguntza ematea beharrezkoa dela azpimarratu du, batez ere, industriako sektorean".
Bestalde, "trenbide sare soziala sustatzearen" alde agertu da, "merkantzien eta bidaiarien mugikortasuna errazteko". Halaber, "tarte laburrak eta Europako trenbide sarea elkartzea" defendatu du.
Era beran, Berdintasunerako Sail bat abian jartzeko asmoa azaldu du, eta euskara, euskal kultura, kirola eta hezkuntza "herria egiteko tresnatzat" jo ditu.
"Foru Aldundia herritar guztiei zabaltzera gatoz. Gertuko erakundea izatea eta arazoak konpontzeko eraginkorra izatea nahi dugu, eta nola ez, lurraldeko herritar guztien erronkak konpontzeko gai den erakundea izatea espero dugu", esan du Garitanok, Gipuzkoan gobernatzeko Bilduren gogoa berriro azaldu baino lehen.
Ekimen hori ospatu baino ordu batzuk leheneago, Bilduko zortzi zinegotziak izena eman dute Donostian zinegotzi izateko.