Politika -
EBBren bilera
EAJk bere hautagaiak babestuko ditu erakunde guztietan
Ondorioz, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundian diputatu nagusi izateko hautagai gisa aurkeztuko du, eta baita Eneko Goia Donostiako alkategai bezala ere.
Erredakzioa
EAJren hautagaiak erakunde guztietako buru izateko aurkeztea erabaki du EBBk. Ondorioz, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundian diputatu nagusi izateko hautagai gisa aurkeztuko dute jeltzaleek, eta baita Eneko Goia Donostiako alkategai bezala ere, EAJk jakitera eman duenez.
EBB Sabin Etxean bildu da, astelehenero egin ohi duen bezala. Hauteskundeetako emaitzak eta itun posibleak aztertu ditu EAJko zuzendaritzak.
Bilera horren ostean, 19:30 aldera nazio-biltzarra bildu da eta bertan EBBk hartutako erabakien berri izan dute jeltzaleek.
Konkretuki, hiru diputatu nagusien aukeraketan bere hautagaiak aurkeztea adostu du Euskadi Buru Batzarrak, gainerako hautagaiekin egitasmoak "konparatzeko". Ondorioz, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia izateko aurkeztuko dute. Martin Garitano Bilduko hautagaiak diputatu nagusi izan nahi du, hauteskundeetan babes handiena lortu zuen hautagaia izan baitzen.
Euren zerrendaburuak babestuko dituzte bakarrik
Horrela, EAJko batzarkideek hautagai jeltzaleak babestuko dituzte soilik, Batzar Nagusien osoko bilkurak egin bitartean "aurrikusi gabeko" aldaketak izan ezean.
Era berean, ordezkaritza lortu duten Udaletan hautagai propioak aurkeztuko dituzte jeltzaleek alkate izateko ekainaren 11n.
Bilera Bildurekin
Eguerdian, EAJ Bildurekin batzartu da, hauteskunde mapa argitzeko xedez.
Batzarra Sabin Etxean izan da, eta Bilduren partetik Martin Garitano Gipuzkoako zerrendaburua, Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Amaia Agirresarobe Alternatibako ordezkaria joan dira.
EAJren aldetik, Belen Greaves EBBko idazkaria, Andoni Ortuzar (BBB), Joseba Egibar (GBB) eta Iñaki Gerenabarrena (ABB) izan dira.
Urizarrek azaldu duenez, EAJk berretsi egin die ez duela parte hartuko Bilduren aurkako itunetan.