Politika -
Hezkuntza sailari kritika
EAJk ez du hezkuntza hirueleduna babestuko helburuak finkatu arte
Arantza Aurrekoetxea EAJko parlamentarioak azaldu du bere alderdiak ez duela Jaurlaritzak bultzatzen duen hezkuntza hirueleduna babestuko momentuz, "marko berriak nora garamatzan ez dakigulako".
Erredakzioa
Arantza Aurrekoetxea EAJko parlamentariak eta alderdi horretako Hezkuntza arduradunak azaldu duenez, EAJk ez du Eusko jaurlaritzak abian jarritako hezkuntza hirueleduna babestuko "mailak zehaztu arte" behintzat. Azpimarratu duenez, "oraindik ez dakigu noraino eramango gaituen marko berri honek, ezta nola ebaluatuko diren lorpen objektiboak ere".
Euskal Eskola Publikoaren festan Aurrekoetxeak Patxi Lopezen gobernuari bultzatzen ari diren hezkuntza motak izango dituen euskara, gaztelera eta ingeles mailak zein izango diren "zehaztea" eskatu dio.
"Euskal Eskola Publikoarentzat eta gizarte osoarentzat garrantzitsua da elebitasunaren eta hirugarren hizkuntza baten gainean egiten diren aurrerapen guztian beharrezko berme guztiekin egitea" gaineratu du parlamentarioak.
Aurrekoetxearen iritziz, hezkuntza sistemaren aurrerapenak "bermeekin" egitea beharrezkoa da. Horren harira gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela izango Eusko Alderdi Jeltzalearen babesa hezkuntza hirueledunaren gainean; ez behintzat euskara, gaztelera eta ingeles mailak zein izango diren zehaztu arte".
"Ereduen sistemak herrialde honetako gehiengo zabalaren babesa izan zuen eta uste dugu marko aldaketa baten gehiengo sozial eta politikoaren babesa izan behar duela", adierazi du Arantza Aurrekoetxea EAJko parlamentarioak.