Politika -
'PROCES'-aren epaiketa
Filtrazioen aurkako salaketa jartzea aztertzen ari dira Sanchez, Rull eta Turull
Buruzagi independentisten abokatuek jakitera eman dutenez, lege-hauste larria litzateke, besteak beste, "deliberazioen sekretua nabarmen urratuko" litzakeelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako independentzia prozesuaren kontrako epaiketaren sententziaren inguruan hainbat komunikabidek kaleratutako filtrazioek haserre handia eragin dute auzipetuen artean. Jordi Sanchez ANCko presidente ohiaren, eta Jordi Turull eta Josep Rull Generalitateko kontseilari izandakoen abokatuek, jada, iragarri dute filtrazioen kontrako salaketa jartzea aztertzen ari direla Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian.
Filtrazioen arabera, sedizioa eta diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzita, Kataluniako buruzagi independentistak zigortzea erabaki dute epaileek, eta matxinada delitua baztertuko lukete. Zabaldu den informazio oldearen aurrean, "erabat harrituta" daudela ziurtatu dute Turullen, Rullen eta Sanchezen defentsek.
Jordi Pina abokatuen iritzian, Auzitegi Gorenaren filtrazioa baieztatuko balitz, lege-hauste larria litzateke, besteak beste, "deliberazioen sekretua nabarmen urratuko" litzakeelako. "Auzipetuenganako eta haien senideenganako errespetu falta handia" ere badela esan dute defentsek.
Auzitegi Gorenak sententzia bihar edo etzi argitaratuko duela uste da.