Politika -
EAJ-PP bilera
PP: 'EAJrekin akordioak egiteari ez diogu aterik ixten'
Euskadiko Alderdi Popularrak gaur bertan aztertuko ditu EAJrekin izandako bileraren emaitzak. Hala ere, Oyarzabalek iragarri duenez, PP gobernu gehiengo egonkorrak bultzatzearen alde dago.
Erredakzioa
Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiak adierazitakoaren arabera, EAJrekin akordioak egiteko ateak zabalik dituzte. Hala ere, bere iritziz, alderdi jeltzaleak "gauza asko argitu behar ditu oraindik" eta akordioak sinatzeko epea ekainaren 11n amaitzen dela azpimarratu du.
Oyarzabal Eusko Legebiltzarreko pasilloetan agertu da EAJren eta PPren ordezkaritzek izandako bileraren berri emateko. Datorren astean bigarren bilera bat egingo dute bi alderdiek.
Bilera horretan eztabaidatutakoaren inguruan emandako azalpenak urriak izan dira, xehetasun guztiak gaur bertan aztertzeko asmoa baitu PPk eta bihar prentsaurrekoa emango dute Donostian.
Oyarzabalen arabera, PPk gehiengorik ez duen erakundeetan bere botoak gehiengo egonkorren alde emateko prest dago. Asmo horretan ez da Araba sartzen, bertako Aldundian eta Gasteizko Udalean gobernatzeko PPren zilegitasuna defendatzen dutelako.
Bi alderdien arteko bilera EAJk gainontzeko alderdiekin izaten ari den elkarrizketen barruan sartzen da. Alderdi jeltzalea PPrekin, PSE-EErekin, Aralarrekin eta EBrekin bilduko da gaur Legebiltzarrean.
EAJren aldetik, bilera horietan parte hartzen ari dira Iñaki Gerenabarrena Arabako presidentea, Andoni Ortuzar Bizkaikoa, Joseba Egibar Gipuzkoakoa, Belen Greaves, EBBko idazkaria eta Joseba Aurrekoetxea EAJko zuzendaritzako kidea.
PPren ordezkaritza, berriz, Iñaki Oyarzabal idazkari nagusiak, Laura Garrido legebiltzarkideak, Anton Danborenea Bizkaiko presidenteak, Alfonso Alonso Arabakoak eta Borja Semper Gipuzkoakoak osatu dute.