Politika -

M22ko hauteskundeak

'Emaitza txarren ardura" bere gain hartu du Patxi Lopezek

Alderdiak "bere energia berreskuratzeko" udazkenean batzar politiko bat egitea proposatu du PSE-EEko idazkari nagusiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 22ko hauteskundeetan euskal sozialistek izandako emaitza txarren erantzukizuna bere gain hartu du gau Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak eta lehendakariak, eta udazkenean batzar politiko bat egitea proposatu du.

PSE-EEko batzorde nazionalak bilera egin du arratsaldean, Bilbon, eta bertan egin ditu adierazpenak Lopezek. Bileran, emaitza "txarren erantzule" bera dela adierazi du PSE-EEko agintariak.

"Ni naiz erantzule, nahiz eta hauteskunde hauetara ez aurkeztu, zuzentzen dudan alderdia bai aurkeztu zen eta, ondorioz, hauteskundeetako emaitzen aurrean, aurreneko erantzukizuna nirea da", azaldu du Lopezek. Emaitzak krisi ekonomikoarekin soilik azaltzerik ez dagoela erantsi du lehendakariak.

Zentzu horretan, PSOEk batzorde federalean erabakitakoa egitea defendatu du Lopezek. Horrela, Euskadin udazkenean batzar politiko bat egitea proposatu du, "ideia berriekin gogoeta sakona egiteko".

Bildurekin itunik ez dutela sinatuko berretsi du, eta Batzorde Exekituboari PSEk babestuko dituen hitzarmenak "orokorrak" izateko proposamena luzatu dio. Horrez gain, akordio ezberdinak ekainaren 11 heldu aurretik sinatu behar dituztela adierazi du (Udalak osatuko diren eguna baino lehen). "Edo guztizko akordioak, eta ekainaren 11 baino lehen, edo ezer", esan du Patxi Lopezek.

Zentzu honetan EAJri eskatu dio "malabarismoak alde batera" uzteko eta erabakiak behingoz hartzeko: "Herriaren garapenaren alde edo abertzaleen indar metaketaren eta, berriz ere, krispazioaren eta zatiketaren alde egiten duen erabaki behar du".

Itunak Euskadin

Euskadiko itunen inguruko erabakiak euskal sozialistek hartuko dituztela ohartarazi dio EAJri Lopezek. "Norbaitek Madrilera txangoak egitea pentsatzen baldin badu, ustekabeko batekin tupust egingo du", gaineratu du.

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak hauteskundeak aurreratzea edo dimisioa eskatu zion lehendakariari. Lopezek erantzun egin dio: "Ez bata ez bestea; legealdia amaitu arte (bi urte) gobernatzen jarraituko dugu, hauteskundeak baino lehen genituen babesak ditugulako".

Gainera, ETAk "berriro ez hiltzeko" ezker abertzalea "bakearen bermatzaile" gisa agertzea kritikatu du Lopezek, izan ere, "orain arte terrorismoaren babes soziala bermatu dute". "ETAren amaieraren truke botoak eskatzea ezinezkoa da", ohartarazi du.

Enplegua

"Eusko Jaurlaritzaren ekintzari bultzada berria" emango diotela iragarri du, "lanpostuen sorrerari lehentasuna emanez".

Eusko Jaurlaritzaren "lehen helburua ahalik eta azkarren lanpostuak sortzea" izango dela ziurtatu du lehendakariak, eta horretarako "eskura dituzten baliabide guztiak" erabiliko dituzte, "beste sail batzuetakoak murriztuz".

Era berean, aldaketa fiskalak proposatuko dituztela iragarri du, "sistemaren jasangarritasuna bermatzeko eta herritarren gaineko kargak modu bidezkoago batean banatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea