Politika -
Katalunia
Kataluniako Parlamentuak gaur eztabaidatuko du Quim Torraren aurkako zentsura-mozioa
Albert Riveraren alderdiak aurkeztu duen zentsura-mozioak ez du aurrera egiteko aukerarik, izan ere, PPCren babesa baino ez du. Kataluniako Parlamentuak lau zentsura-mozio eztabaidatu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuan Quim Torra Generalitateko presidentearen aurka Ciudadanosek aurkeztutako zentsura-mozioaren eztabaidatu eta bozkatuko dute astelehen honetan. Horren ordez, Generalitateko presidente Lorena Roldan Kataluniako alderdi laranjako burua izendatzea proposatu du Ciudadanosek.
Albert Riveraren alderdiak aurkeztu duen zentsura-mozioak ez du aurrera egiteko aukerarik, izan ere, PPCren babesa baino ez du. Gaurkoa, Kataluniako Parlamentuak eztabaidatu duen laugarren zentsura-mozioa da.
Ciudadanosek Kataluniako sozialisten babesa eskatu du, baina PSCk abstentzioa emango zuela iragarri zuen proposamena erregistratu eta hurrengo egunera.
Miquel Iceta Kataluniako buruzagi sozialistaren ustez, Lorena Roldan eta Ciudadanos ez dira Kataluniak behar duen irtenbidea, eta porrot egiten duen zentsura-mozio batek Torra agintean "indartu" besterik ez duela egingo ohartarazi du.
Bestalde, Jessica Albiach Catalunya en Comú-Podemeko buruaren iritziz, Torraren ordez Lorena Roldan (Ciudadanos) Generalitateko presidente izendatzea "sua itzaltzera piromano bat bidaltzea bezala litzateke”.
Halaber, CUPek baztertu egin du Ciudadanosek aurkeztutako zentsura-mozioarekin bat egitea, eta aurrera egiteko aukerarik ez duen “maniobra elektoralista" dela esan du.
Alderdi laranjak zentsura-mozioa aurkezteko eman dituen argudioen artean, Torraren gobernua Carles Puidgemont presidente ohiaren agindupean egotea eta haien helburu bakarra independentzia izatea daude.