Politika -

Ustelkeria

Auzitegi Nazionalak PPren 'B kutxa'ren epaiketatik kanpo utzi du De Prada epailea

De Pradak Gurtel auziaren lehen epaian parte hartu zuen. Ebazpena Alderdi Popularraren eta Luis Barcenasen kontrakoa izan zen. PPk eta Barcenasek eskatu dute De Prada epailea epaimahaitik kanpo uztea.

Luis Barcenas PPko diruzain ohia. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Luis Barcenas PPko diruzain ohia.
Luis Barcenas PPko diruzain ohia. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salaren osoko bilkurak Alderdi Popularraren 'B kutxa' epaitu behar duen epaimahaitik kanpo utzi du Jose Ricardo de Prada magistratua, Gurtel auziaren lehen zatiko (1999-2005) ebazpena berak eman zuela argudiatuta.

Agentziek zabaldutako iturri juridikoen arabera, boto bakarraren aldearekin hartu dute erabaki hori: zortzi epailek alde bozkatu dute eta zazpik kontra. Oraingoz ebazpena bakarrik jakinarazi dute. Autoaren xehetasunak datozen egunetan egingo dituzte publiko.  

De Prada epaimahaitik kanpo uzteko eskaera PPk eta Luis Barcenasek egin zuten. Gurtel auziaren lehen zatiari buruzko epaiketan hartu zuen parte De Pradak, beste bi magistraturekin batera. Epaimahaiak PP eta Barcenas zigortu zituen, ustelkeria egotzita. Epaia 2018ko maiatzean eman zuten eta horren ondotik Mariano Rajoyren kontrako zentsura-mozioa iritsi zen.

PPk eta Luis Barcenasek uste dute De Prada epailea inpartziala ez dela, dagoeneko euren aurkako ebazpen bat eman duelako. Hori dela eta, epaimahaitik kanpo uztea eskatu zuten.

Auzitegi Nazionalak eskaera onartu du eta orain beste magistratu bat aukeratu beharko dute epaimahaia osatzeko. Oraingoan PPk Madrilen duen egoitzaren erreforman eta Libertad Digital komunikabidearen akzioen erosketan antzemandako irregulartasunak epaituko dituzte.

Bestalde, De Prada magistratua kasu honetatik kanpo uzteko emandako argudioak Zigor-arloko Salaren funtzionamenduan eragina izan dezakeela ohartarazi dute Europa Press agentziak aipatutako iturri juridikoek, magistratu gutxi direlako eta datozen urteetan makro-epaiketa asko izango dituztelako.  

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barcenas auzia Politika PP Epaiketak Ustezko ustelkeria politikoa Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak