Politika -
155. artikulua
Erkorekak 'zoritxarreko eta desegokitzat' jo ditu Puigdemonten adierazpenak
Kataluniako presidente ohiak baieztatu zuen Euskadin, ETAren “ia mila hildakoen” aurrean, ez zutela 155. artikulua ezarri.
Agentziak | Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak gaur, asteazkenarekin, “zoritxarreko eta desegokitzat” jo du Carles Puigdemontek esan izana Euskadin, ETAren indarkeriaren aurrean, ez zutela 155. artikulua ezarri, baina Katalunian bizi den “tentsio giroan” kokatu ditu hitzok.
Asteartean, Puigdemontek arbuiatu zuen Katalunian, “indarkeria zantzuak” egon litezkeelako 155. artikulua berriz ezartzea, eta baieztatu zuen Euskadin ETAk “ia mila hildako” eragin zituela eta inoiz ez zutela Konstituzioaren agindu hori ezarri.
Erkorekaren esanetan, hitz horiek “ez dute gaiztotuko elkarrenganako ulermen eta maitasun oinarri bat duten bi nazio ezberdinetako exekutiboen arteko” harremana, “leialtasun eta zintzotasunaren” gainean eraikitakoa.
Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea “harrituta” agertu da, oso azkar etorri baitira Katalunian 155. artikulua ezartzeari buruzko adierazpena. Erkorekak azpimarratu du ez dagoela horrelakorik gertatzeko “baldintza objektiborik”, eta gogora ekarri du Iñigo Urkullu lehendakariak esan zuela neurri hori ez dela “ez orain ez inoiz” ezarri behar.
Transferentziak
Emateko dauden transferentziei buruz, adierazi du ez batzorde mistoak ez lantaldeek ez dute apiriletik bilerarik egin, eta ez dela, halaber, “esploratzeko batzarrik” ere egin. Gainera, “zailtasun objektiboak” egon direla aitortu du, negoziazioan parte hartu zuen Lurralde Politikako Ministerioko lantaldean jendea kendu dutelako.