Politika -

Ekainaren 27tik

Batasuna birsortzen saiatzeagatik epaituko dute Otegi ekainean

Halaber, Rafa Diez Usabiaga eta ezker abertzaleko sei kide epaituko dituzte Bateragune taldearen bidez legez kanpoko alderdia birsortzen saiatzeagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohia, Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia eta beste sei kide epaituko ditu Auzitegi Nazionalak datorren ekainaren 27tik aurrera Bateragune taldearen bitartez legez kanpoko alderdia berregituratzen saiatzeagatik.

Epaiketa uztailaren 7ra bitartean egingo dela azaldu du Zigor arloko laugarren Salak gaur kaleratu duen auto batean.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 10 urteko kartzela zigorra eskatuko du akusatu bakoitzarentzat erakunde terroristako kide izatea leporatuta, urtarrilaren 4an Sala horretan aurkeztutako behin-behineko ondorioak jasotzen dituen idatziaren arabera.

Auzi hori dela eta, Otegi behin-behineko espetxealdian dago; Rafa Diez Usabiaga, berriz, fidantzapean aske utzi zuten, bere ama zaintzeko. Horiez gain, ezker abertzaleko beste sei kide epaituko dituzte auzi honetan, besteak beste, Sonia Jacinto EHAK-ko diruzaina, Miren Zabaleta (Patxi Zabaleta Aralarko koordinatzaile nagusiaren alaba) eta Arkaitz Rodriguez, 2006an ETArentzat informazioa eskuratzea egotzita epaitu eta aske geratu zena.

Beste hiru akusatuak Jose Luis “Txelui” Moreno Sagues, Jose Manuel Serra eta Amaia Esnal dira, 10.000 euroko fidantza ordainduta aske utzitakoak hirurak.

Fiskaltzaren esanetan, Bateraguneren helburua "borroka politikoa mailarik gorenera eramatea" zen, eta horretarako bi norabidetan lan egiten zuen: "ETA gabeko ezker abertzalearen edozein eremu neutralizatzea" eta "ETAren helburuen menpeko polo soberanista baten eraketa nazionalerako indarrak pilatzea".

Horretarako, Bateragune "Konstituziotik etorritako ahal bezainbeste erakunde" deslegitimatzen saiatu behar zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea