Politika -

Bilera Ferrazen

Zapatero 'baroiekin' batzartuko da gaur, ondorengotza aztertzeko

Hain zuzen ere, PSOEko hurrengo idazkari nagusi eta Gobernuko presidentegaia nola hautatu adosten saiatuko dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusia alderdiko baroiekin (lurralde buruzagiak) batzartuko da gaur arratsaldean, bere hurrengoa hautatzeko modua adosten saiatzeko eta biharko Batzorde Federalean zatiketarik ez izateko.

Bileran jarrerak gerturatzen saiatuko dira, izan ere, alderdia zatituta dago duela egun batzuk Patxi Lopez lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak ezohiko biltzarra egitea proposatu eta gero. Harrezkero, hainbat buruzagi biltzarraren alde agertu dira, Guillermo Fernandez Vara Extremadurako jarduneko presidentea, kasu. Beste asko, Zapatero, Jose Blanco eta Marcelino Iglesias, adibidez, barne-hauteskundeen alde daude.

Lopezen proposamenak bi ondorio ekarriko lituzke: egungo zuzendaritzak dimititzea, eta hauteskunde primarioak ez egitea.

PSE-EEko idazkari nagusia ere gaurko bileran izango da, eta berretsi egingo du ezohiko biltzar proposamena.

Batzarra 18:00etan hasiko da, Ferrazen, Carme Chacon Defentsa ministroak Zapateroren hurrengoa izateari uko egin eta egun batera.

Eta orain, zer?

Chaconen erabakiak bidea libre utzi dio Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro eta Gobernuko lehen presidenteordeari, baina ez du guztiz argitzen Zapateroren hurrengoa hautatzeko prozesua.

Hautagaitza bakarra baino ez balego, ez lituzkete deituko barne-hauteskundeak, baina azken orduko ezusterik balego eta beste buruzagi batek hautagaitza aurkeztuko balu, egoera antzekoa izango litzateke, hots, primarioak edo biltzarra egitea erabaki beharko lukete.

Seguru aski, Zapaterok lortu egingo du biharko Biltzarrak barne-hauteskundeak deitzea. Handik aurrera, hautagai kopuruaren araberakoa izango da prozesua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea