Politika -
Auzitegi Nazionala
Espetxea 'El Pistolas'entzat Aznarren aurka eraso egiteagatik
Gregorio Jimenez Morales otsailaren 28an atxilotu zuten Cahanen (Frantzia). Presidente ohiaren kontra atentatua egiteko misilak lekualdatu zituela uste du Barne Ministerioak.
Erredakzioa
Gregorio Jimenez Morales El Pistolas ETAko ustezko kidea espetxera bidali du Fernando Grande-Marlaska epaileak. El Pistolas atzo entregatu zion Espainiari Frantziak. Jose Maria Aznar Gobernuko presidente ohiaren hegazkinaren aurka eraso egiteko zenbait misil ustez lekualdatu zituen Jimenez Moralesek 2001ean.
Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, Auzitegi Nazionaleko magistratuak erabakia atzo hartu zuen eta El Pistolas-i ETAko kide izatea eta armak eta lehergaiak gordetzea egotzi dio epaileak. Era berean, 2001ko EAEko hauteskunde-kanpainan Aznarren aurkako atentatua egiteko konspirazioan parte hartzea leporatu dio.
Jimenez Morales otsailaren 28an atxilotu zuten Cahanen (Frantzia), Normandian, Joseba Agirrebarrena Ruiz de la Cuesta Tarzan ETAko kide beteranoaren etxean, Polizia Nazionalak atzo jakitera eman duenez.
El Pistolas duela 56 urte Tolosan (Gipuzkoa) jaio zen eta 1981ean Andatza taldea barneratu zen. Urtebete geroago taldea desegin zuen Poliziak eta Jimenez Moralesek Frantziara ihes egin zuen, ondoren Iberoamerikara joan zelarik. Bertan garaiko talde iraultzaileekin lankidetzan aritu zen.
Morales 2001ean berriro ETAn barneratu zela uste du Barne Ministerioak. Antza denez, urte berean erakunde terroristaren materiala lekualdatzeko talde batean sartu zen. Konkretuki, EAEko hauteskunde-kanpainan Jose Maria Aznar presidente ohiaren kontra atentatua egiteko misilak eraman zituen El Pistolas-ek.