Politika -
Auzitegi Nazionala
'Iñaki de Renteria' kartzelara, Ortega Lararen bahiketagaitik
Epaileak helburu terroristekin egindako legez kanpoko atxiloketa delitua egotzi dio. Gainera, bahiketa hori luzatzeko erabakia ere leporatzen dio. Funtzionarioa 532 egunetan egon zen bahituta.
Erredakzioa
Ignacio Gracia Arregi, ''Iñaki de Renteria'', ETAko buruzagi ohia kartzelara bidaltzeko agindua eman du Pablo Ruz epaileak, 1996 eta 1997 artean Jose Antonio Ortega Lara kartzela funtzionarioaren bahiketa egotzita.
Gainera, eta Auzitegi Nazionaleko magistratuaren autoaren arabera, ''Iñaki de Renteria''k Ortega Lagaren bahiketa luzatzeko agindua eman zuen honek sei hilabete atxikita zeramatzanean.
Epaileak helburu terroristekin egindako legez kanpoko atxiloketa delitua egotzi dio Carlos Bautista fiskalaren eskaerari kasu egin eta akusatuari galdeketa egin ostean, nahiz eta ETAko buruzagi ohiak deklaratzeari uko egin dion.
''Iñaki de Renteria'' asteazkenean atxilotu zuten Irunen, Gipuzkoan, magistratuaren aginduz eta Fiskaltzak Guardia Zibilari bahiketaren inguruko txosten berria eskatu ondoren. Ortega Lararena ETAk egindako bahiketarik luzeena izan da; guztira, 532 egun eduki zuten gordeta.
''Iñaki de Renteria'' aske zegoen 2010. urteko apirilaren 28an Cadizeko Puerto I kartzelatik atera zenetik. 2008an kartzelatutako delituengatik, tartean 1995an Erregearen kontra Mallorcan egiten saiatu ziren atentatua, Frantzian epaitu zuten, eta Auzitegi Nazionalak aske uztea erabaki zuen.
Frantzian kartzela zigorra bete ondoren, Gracia Arregi Espainiari entregatu zioten 2008ko azaroaren 18an.