Politika -
Prentsaurrekoa
Elorzak uko egin dio alkate izateko 'edozein aukerari'
Iragan igandetik "porrota" onartuta duela ziurtatu du. Radio Euskadin egindako elkarrizketan, zinegotzi izateari utziko diola baieztatu du Odon Elorzak.
Erredakzioa
Berriro alkate izateko ''edozein aukerari'' uko egiten diola iragarri du Odon Elorza (PSE) Donostiako jarduneko alkateak.
Gipuzkoako hiruburuan emandako prentsaurrekoak ikusmin handia sortu du hedabideen artean. Elorza PSE-Eeko zinegotziekin agertu da eta igandean bertan hauteskundeetan izandako "porrota" eta Alkatetzan eman beharreko egunak amaitu zirela onartu zituela ziurtatu du. Hala ere, Elorzaren esanetan, orain arte ez du horren inguruan ezer aipatu alderdiak itxaroteko esan eta "aterik ez ixteko" eskatu ziolako.
Era berean, Donostiako jarduneko alkatea kezkatuta agertu da Bilduk Donostiako Alkatetzan izateko ideiaren aurrean, bere ustez, horrek egonkortasuna eta gobernagarritasuna ezinezkoak egingo dituelako.
Bestalde, EAJk "Euskadiko erakundeeran fronte soberanistak egiteko asmoa etsigarria dela" gaineratu du.
Zinegotzi izateari utziko dio
Radio Euskadiko ''Ganbara'' irratsaioan egindako elkarrizketan, Donostiako Udaleko zinegotzi izateari utziko diola baieztatu du Odon Elorzak.
Porrotera eramateko zenbait faktore elkartu dira hauteskundeetan, Elorzaren hitzetan. "Alde batetik, zigor botoa, bestetik, Bilduren agerraldia eta azkenik, suminduen mugimendua", azaldu du. "Bilduk nolanahi ere Donostia gobernatuko" duela uste du Elorzak.
Bilduren emaitzak "oso onak" direla adierazi du ordezkari sozialistak, "gizartearen zati horrek botoa emateko gosea zuelako". Horrez gain, "botoemaile gazteek eta berriek horiekin bat egin dute", erantsi du. "Orain Bilduk Aldundia eta Udala gobernatu behar ditu", gaineratu du.
Jesus Eguiguren PSEko presidenteak egindako adierazpenak mintzagai izan ditu Elorzak. "Bat, bi eta hiru gogoeta beharrezkoak" direla esan du Elorzak, "eta gogoeta egiten ari gara, arrazoi guztia du Eguigurenek". "Euskal sozialismoan eta Espainiako sozialismoan gogoeta sakona beharrezkoa da", adierazi du.