Politika -

Itunak

Bilduri agintea kentzeko ituna proposatu die PPk EAJri eta PSEri

Iñaki Oyarzabal PPko ordezkariaren hitzetan, proposamen honen helburu nagusia "erradikalek" Euskadiko erakundeak ez gobernatzea izango da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan EAJrekin eta PSErekin akordioa itxi nahi du PPk Bilduren Gobernurik ez egoteko, eta "erradikalek" erakundeak ez gobernatzeko, Iñaki Oyarzabal EAEko PPko presidenteak azaldu duenez.

Oyarzabalek Gasteizen egin du agerraldia. Bertan, Euskadiko PPko Zuzendaritza bildu da, igandeko hauteskundeetako emaitzak aztertzeko.

Popularrek lortutako emaitzen aurrean "pozik" dagoela esan du Oyarzabalek, batez ere Gasteizen eta Araban jaso duten boto kopuruarengatik (lehen alderdia izan da PP Araban). Euskadiren etorkizunerako PP "oso alderdi garrantzitsua" dela berretsi du Oyarzabalek.

Basagoitik "lasaitasuna" nahi du

Antonio Basagoiti PPren EAEko buruak ituna proposatu die EAJri eta PSE-EEri Bilduri erakundeetako agintea kentzeko. Proposamen horren arabera, Bilduri kendutako erakundeetan boto gehien jaso dituen hiru alderdi horietako baten esku geratuko da agintea.

Antena3 telebista-katean egin dioten elkarrizketa batean, Basagoitik EAEk "momentuotan behar duen lasaitasuna eta normaltasuna" azpimarratu du eta horretarako aginteak EAJren, PSEren eta PPren esku geratu behar duela uste du.

Hori horrela, erakundeen egonkortasunerako akordioa eskaini die bi alderdiei, "Bilduk euskal erakundeetan agindu ez dezan, eta udal eta aldundiak EAJren, PSEren eta PPren artean boto gehien jaso dituen alderdiaren esku geratzeko".

Bilduren kudeaketak euskal ekonomian egin dezakeen "kalteaz" ohartarazi du EAEko popularren buruak: "Ekonomiaren antisistema dira" esan du.

Horri dagokionez azpimarratu du ados jarri beharra daukatela "botorik gehien daukanak izan dezan agintea". "Oraintxe, EAJk, PSEk eta PPk euskaldunen interesa izan behar dugu ardatz eta, horretarako, Bilduk gure instituzioen kudeaketaren ardura hartzea eragotzi behar dugu", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea